Bulego taldeak 'Gure bizitzako lehen bira' izeneko disko-liburua kaleratu du

Andoni Elduaien 2022ko abe. 6a, 09:00
Tomas Lizarazu abeslaria, agertoki gainean. (Bulego)

50 orrialdeko liburuxka bat eta disko bat ondu ditu Azkoitiko Bulego musika taldeak. Liburuxkan askotariko edukiarekin egingo dute topo taldearen jarraitzaileek, hala nola irudiekin, datuekin eta kontzertuen gaineko informazioarekin. Diskoan, berriz, Bilboko Aste Nagusian eskainitako kontzertuaren zuzenekoa jaso dute.

Azkoitiko Bulego musika taldeak Gure bizitzako lehen bira izeneko disko-liburua kaleratu du. Duela bi urte eta erdi pasatxo ekin zion taldeak bere ibilbideari, baina osasun egoerak behartuta, aurtengo udaren ostean egin du bere bizitzako lehen bira. Hain zuzen, Euskal Herrian zehar eta handik kanpo egindako itzulia jaso dute azken argitalpenean.

Argitalpenaren azalean eta kontrazalean, EHZ jaialdian eman zuten kontzertuko irudiak jarri dituzte. Barruan, berriz, 5o orrialdeko liburuxka eta diskoa aurkituko dituzte musika zaleek. Liburuxkan askotariko azalpenak eta musika taldearen kontzertuetako argazkiak bildu dituzte. "Gure asmoa izan da guk barrutik bizitako emozio guztia jarraitzaileei biziarazteko aukera ematea. Bira bere osotasunean erakutsi nahi izan dugu disko-liburuan, bai jendaurrean bizi izan duguna, bai atzeko lan guztia", adierazi du Tomas Lizarazu taldeko abeslariak sare sozialetan.

Taldearen "anekdotak, sentsazioak, ziurgabetasunak, emozioak, pozak eta urduritasunak" azalduz, testuak ere gehitu dituzte liburuxkan, baita birako datuak eta kontzertuen gaineko bestelako informazioa ere. Dena den, bira ikus-entzunezko lan batean ere jaso dute, eta liburuxka eskuratzen dutenek dokumentala osorik ikusteko aukera izango dute liburuxkan aurkituko duten QR kode bati esker.

Diskoa ere bai

Era berean, Bilboko Abandoibarran Aste Nagusian eskainitako kontzertuaren zuzenekoa erakusten duen diskoarekin ere egingo dute topo musika zaleek. Azkoitiko musika taldeak azaldu du biran jo duten "kontzertu berezienetako bat Bilboko Abandoibarran Aste Nagusian" eskaini zutena izan zela.

Hori horrela, orduko zuzenekoa gordetzea diskoan gordetzea erabaki du taldeak. "Milaka pertsona elkarrekin musikaz gozatzen egon ginen, eta kontzertuaren soinua grabatuz, han sortu zen energia betirako gordetzea erabaki dugu. Akorde bakoitza, zuen oihu bakoitza eta esandako hitz guztiak jaso ditugu disko batean", azaldu du musika taldeak sare sozialetan. Liburu-diskoa Durangoko Azokara emango du Bulego taldeak, taldekideak han izango baitira egunero, abenduaren 7tik 11ra bitartean.