Azkoitiko hizkeraren azterketa akustikoa egiteko 20 eta 30 urteko gizonak behar dituzte

Andoni Elduaien 2023ko ots. 11a, 09:00

Dorota Krawjeska EHUko irakasleak eta Itxaso Odriozola EHUko ikasleak egingo dute hizkeraren azterketa. 20-30 urte bitarteko gizonezkoen bila ari dira. Interesa duten herritarrek izena eman dezakete sarean.

Azkoitiko Hike eizan! egitasmoak jakinarazi duenez, Azkoitiko hizkeraren azterketa akustikoa egingo dute herrian. Sareetan azaldu dutenez, egun Azkoitian ez dago euskararen bueltako inolako azterketa akademikorik, eta horregatik egingo dute orain lanketa hori. Helburua da herriko euskararen gaur egungo egoera ikuspegi akustikotik nolakoa den aztertzea.

EHUko Dorota Krawjeska irakasleak eta Itxaso Odriozola haren ikasleak gauzatuko dute azterketa. Horretarako, ordea, 20 eta 30 urte bitarteko gizonezkoak behar dituzte. Azterketa herrian bertan egingo dute, eta hiztunaren arabera itxiko dituzte biltzeko eguna eta ordua. Nabarmendu dute elkarrizketa ez dela hamar minutu baino luzeagoa izango.

Azterketari buruzko informazio gehiago jaso nahi duenak edota azterketan parte hartu nahi duenak, honako lotura honetan eman dezake izena.