Mariasun Landa omenduz irekiko dute Geure Gelatik liburu azoka

Ane Olaizola 2023ko mar. 23a, 09:23

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatzen duen Geure Gelatik emakume idazleen liburu azokak hartuko du bi egunez Azkoitiko Elkargunearen Herriko Plaza aretoa. 

Bihar arratsaldean zabalduko ditu ateak Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatzen duen Geure Gelatik liburu azokak, Azkoitian. Bi egunez, liburuen salmentak eta literaturari lotutako askotariko saioek hartuko dute Elkarguneko Herriko Plaza aretoa; goizez, 10:00etatik 14:00etara artean, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Tarte horretan, azokak berezko berezitasunari eutsiko dio beste behin: Euskal Herriko emakume idazleen lanez hornituko dute egitasmoa, eta izen bat nabarmenduko da aurtengo edizioan: Mariasun Landa. Idazle errenteriarrak aitortza jasoko du irekiera ekitaldian.

Antolatzaileen arabera, iaz emandako "jauziaren" ondotik, pertsona guztiei zuzendutako eta askotariko arloak jorratuko dituen "egitarau indartsua" osatu dute datozen egunetarako; izan ere, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak publiko zabalagoarengana iristea izan du aurten jomugan. "Joan zen urtean jasotako gomendioen eta antzemandako hutsuneen ondoren, azoka umeei ere eskaintzea pentsatu dugu oraingoan", esan du Julen Garate antolatzaileak. Horren emaitza izango da haur eta gazteentzako literaturan egin duen ibilbidearengatik Landak jasoko duen omenaldia. "Askotan bigarren mailakotzat hartzen da umeen literatura, baina mundu oso bat biltzen du arlo horrek, haurrak txikitatik literaturara gerturatzea ahalbidetzen duelako; heziketa ere sartzen da hor, gauza asko ikasten baita umeentzako literaturaren bidez". Azoka berean iaz aitortza jaso zuen Arantxa Urretabizkaiak aurkeztuko du bihar Landa omentzeko saioa, eta ondoren, errenteriarrak hitzaldia eskainiko du iaz Literatura Nobel saria jaso zuen Annie Ernauxi buruz. Segidan, umeentzako ipuin kontaketa eta collage tailerra egingo dituzte. 

Askotariko gaiak jorratuko dituzte bihar eta etzi egingo dituzten saioetan. Besteak beste, «pil-pilean» dagoen ingurumenaren gaiak lekua izango du azokan, baita lan biografikoek (Petare) zein bidaia kontakizunek (Ibilbidea) ere. Maite Lopez azkoitiarrak itzuli du azken lan hori, eta hark aurkeztuko du liburua larunbat arratsaldean. Gazteak azokara erakartzeko, berriz, haiei zuzendutako literaturaren inguruko mahai ingurua eskainiko dute egun horretan Jasone Osorok eta Alaine Agirrek, Xabier Mendigurenek gidatuta. 

Larunbat iluntzean, bestalde, azkoitiarren ahotsak entzunez itxiko dute azoka, antolatzaileentzat «ekitaldi kutuna» den saioarekin; hogei herritar igoko dira oholtzara, eta hainbat emakumek idatzitako testuak irakurriko dituzte horiek. "Interesgarria iruditzen zaigu herritarrak plaza publikoan agertzea, eta oso polita izaten da ekitaldi hori; azoka berezi egiten du", esan du Garatek.
Aurten, argitaletxeek ez dituzte salmenta postuak jarriko azokan, eta herriko hiru liburu dendak ordezkatuko dituzte horiek: Amaitz, Hizki eta Lujan saltokiek. Azken bi urteetan idazle emakumezkoek kaleratu dituzten zein azokan parte hartuko duten idazleen liburu esanguratsuenak salduko dituzte horiek.

"Euskal Herriko egitura"

Aurten, Emakunde erakundearen eta Kutxa Fundazioaren babesa jaso du Azkoitiko egitasmoak, eta horrek azoka hauspotu egin duelakoan da antolatzailea. "Egitarauari eta jasotako babesari erreparatuta, herriko eta bailarako azoka izatetik Euskal Herri mailako egitura izatera igaro da. Gainera, are gehiago lagunduko du horretan gure azoka sortu berri dugun Doinuele euskara hutsezko plazen sarean sartu izanak".

EGITARAUA

Bihar, ostirala

- 17:00. Irekiera. Mariasun Landaren ibilbideari aitortza, Arantxa Urretabizkaiak aurkeztuta.
- 17:30. Annie Ernaux 2022ko Nobel sarituari buruzko hitzaldia. Hizlaria: Mariasun Landa.
- 18:30. Dorotea (Pamiela) album ilustratuaren ipuin kontaketa eta collage tailerra, Amaia Egidazurekin.

Martxoak 25, larunbata
- 10:00. Petare (Emagin/Txalaparta). Leire Ibarguren egileak Miren Egiguren protagonista
elkarrizketatuko du.
- 11:00. Natura gure esku (Alberdania), Aiora Zabala Aizpuru. Aurkezlea: Naiara Elortza.
- 12:00. M ama eme ume (Elkar), Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez. Aurkezlea: Josune Herrarte.
- 17:00. Mahai ingurua: Gazteentzako literatura. Hizlariak: Jasone Osoro eta Alaine Agirre. Bideratzailea: Xabier Mendiguren.
- 18:00. Ibilbidea (Tz Testu Zaharrak), Egeriaren liburuaren aurkezpena, Maite Lopez las Heras
itzultzailearekin. Aurkezlea: Julen Garate.
- 19:00. Emakumeek idatzitako testuen irakurketa, hogei lagunen ahotsetan.
- 20:00. Azokako partaideentzat mokadutxoa.