Maite Peña diputatuak eta Javier Zubizarreta alkateak eguneko zentro berriko azpiegiturak bisitatu dituzte

Ane Olaizola 2023ko mar. 23a, 14:55
Peña eta Zubizarreta, eguneko zentro berriaren aurrean. (Udala)

Otsailean iragarri zuen Burdinoleta kalera mugituko dutela eguneko zentroa, eta Javier Zubizarreta alkateak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak hango azpiegiturak bisitatu dituzte aste honetan. Udalak jakinarazi du zentro berriak aurrekoak baino hamar plaza gehiago izango dituela; 30, guztira.

Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Azkoitiko San Jose egoitza eraberritzeko sinatu zuten hitzarmenaren barruan, hainbat lan egingo dituzte datozen urteetan egoitza egokitzeko, eta tartean, eguneko zentroa herrigunera lekualdatuko dute. Udalak otsailean jakinarazi zuen Burdinoleta kalera mugituko dutela eguneko zentroa, eta Javier Zubizarreta alkateak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak hango azpiegiturak bisitatu dituzte aste honetan. 

Udalak azaldu duenez, zentro berriak aurrekoak baino hamar plaza gehiago izango ditu; 30, guztira. Akordioan zehaztu zuten moduan, aldundiak lokalaren erosketaren %65 finantzatuko du (295.668 euro), eta erakunde hori arduratuko da gunea egokitzeko kostuez ere (600.000 euro). Udalak, berriz, erosketaren %35 ordainduko du (159.206 euro). Erakundearen arabera, datorren urteko maiatzean zerbitzua martxan jartzea aurreikusten dute. 

Hitzarmena fruituak ematen hasia dela azpimarratu du alkateak: "Garrantzitsua da zaintza eredu berri baterantz aurrera egiteko egiten ari garen lana azpimarratzea, hobea izango baita. Denbora asko daramagu aldundiarekin elkarlanean, eta pixkanaka ikusten ari gara dokumentu batean jasotako guztia gauzatzen doala eta espazio berriak sortuko direla aurki. Hori guztia ez litzateke posible izango erakundeen arteko lankidetza esturik gabe". 

Prozesua, lau fasetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udalak iaz jakinarazi zuten 3,6 milioi euro bideratuko dituztela San Jose egoitza aldundiaren zaintza eredu berrira egokitzeko, eta bi erakundeek akordioa sinatu zuten, egoitza birmolda dezaten. Proiektu horrek hainbat lan aurreikusten ditu: eguneko zentroa herrigunera eramatea, egoitzaren "irisgarritasuna hobetzeko" igogailua jartzea Ugarte pasealekutik eta Santa Kutz gainera bitartean, Unitate Psikogeriatrikoa berritzea eta hamabi egoitza plaza sortzea. 

Prozesua lau fasetan garatzea da asmoa: igogailuari dagokionez, lanek 645.639,85 euroko aurrekontua dute, eta udalak ordainduko ditu. Hark azaldu duenez, proiektua idatzita dago eta obrak lizitaziora ateratzea izango da hurrengo urratsa. Era berean, aldundiak hilaren 14an onartu zuen Unitate Psikogeriatrikoa berritzeko obrak egiteko proiektua; obra horiek 3.059.553 euroko aurrekontua dute, eta 15 hilabetetan gauzatuko dituzte. Aurreikuspenen arabera, Psikogeriatria Unitate berria 2024 urte amaierarako prest izango da.

Gipuzkoako egoitza ereduaren trantsizioa "errealitate" dela defendatu du, bere aldetik Peñak. "Aldaketa hau ezin da goizetik gauera egin, prozesuan murgilduta gaude eta atzera bueltarik ez duen aldaketa bat bultzatzen ari gara".