Prest da literatura, euskara eta emakumeak uztartuko dituen Geure Gelatik liburu azoka

Ane Olaizola 2023ko mar. 24a, 10:45

Gaur arratsaldean zabalduko du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Geure Gelatik liburu azoka, eta egitasmoaren atarian, aurkezpena egin dute elkarteko kide Julen Garatek, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak, Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak eta Garbiñe Etxebeste Kutxa Fundazioko ordezkariak. Guztiek azpimarratu dute azokaren garrantzia, euskara, literatura eta berdintasuna hauspotzen laguntzen duelako.

Ordu gutxi falta da Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin zein Emakunderen eta Kutxa Fundazioaren babesarekin antolatu duen Geure Gelatik liburu azokak ateak zabal ditzan, eta antolatzaileek prest dute egitasmoa. Elkarguneko Herriko Plaza aretoa Euskal Herriko emakumeen literaturaz jantziko da datozen egunetan, eta antolatzaileek zein babesleek lekuan bertan eman dituzte gaur goizean xehetasunak: Julen Garate Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko kideak, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak, Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak eta Garbiñe Etxebeste Kutxa Fundazioko ordezkariak.

Julen Garate antolatzaileak gogoratu du 2005etik 2008ra egin zituztela liburu azokaren aurreneko edizioak. Elkarteak 2020an berriz antolatzeko asmoa bazuen ere, ez zen posible izan, izurriaren eraginez. "Aurreneko lau urteak onak izan ziren, baina udalari esker babes handi bat lortu dugu eta 2022an berriz berreskuratu genuen, programa oso onarekin". Aurtengorako, berriz, hainbat hobekuntza txertatu dituzte. "Batetik, babesletza handiagoa lortu dugu —Kutxa Fundazioarena eta Emakunderena—, eta horrek lasaitasuna ematen du gauzak hobeto antolatzeko".

Iazko hainbat hutsune betetzea izan da Maxixatzenek aurtengorako erronka, eta besteak beste, haur literaturak tartea izango du oraingoan. "Horren adibide da Mariasun Landari egingo diogun aitortza, bera baita mundu honetan erreferente nagusienetako bat". Izan ere, idazle errenteriarrari aitortza eginez irekiko dute Geure Gelatik, eta iaz azoka berean aitortu zuten Arantxa Urretabizkaiak aurkeztuko du saio hori: "Hasiera borobila izango du, beraz".

Haurren literaturak —Dorotea album ilustratuaren ipuin kontaketa—, gazteenak —mahai ingurua—, ingurumena —Natura gure esku— edota lan biografikoek —Petare— ere tartea izango dute datozen orduetan liburu azokan, eta azkoitiarren ahotsa ere entzun ahal izango da: batetik, Maite Lopezek Ibilbidea liburua aurkeztuko du, berak itzuli baitu euskarara Egeriaren liburua. Bestetik, antolatzaileentzat hain "maitea" den ekitaldia arduratuko da egitasmoa ixteaz; 21 azkoitiarrek hainbat emakumek idatzitako testuak irakurriko dituzte.

"Beharrezkoa eta garrantzitsua" 

Udalak, Emakundek zein Kutxa Fundazioak, beren aldetik, egitasmoaren garrantzia azpimarratu dute azokaren aurkezpenean. Elgarrestak azaldu duenez, gutxienez hiru helburu nagusi lantzen ditu azokak: "Kulturaren eta irakurketaren sustapena, euskararen indartzea eta emakume eta gizonen berdintasunaren bultzada. Hirurak dira zeharkakotasuna eskatzen duten gaiak; hirurak daude gizarteko beste eremu guztiekin harremanetan, eta hirurak daude bultzada baten beharrean". Beraz, azoka hori "beharrezkoa eta garrantzitsua" dela uste du Elgarrestak, hiru helburuei ematen dien ikusgarritasunagatik. "Emakumeek idatzitako literaturari plaza bat eskaintzen zaio azoka honetan, eta hain justu, emakumeek literaturaren historian izan duten garairik onenean egiten da hori". Haren arabera, "ukaezina" da emakume idazleek azken hamarkadetan "aurrerapauso handiak" eman dituztela: "Egun, inoiz baino euskal emakume gehiago daude idazten, belaunaldi desberdinetakoak. Beti esaten dugu emakume erreferenteak behar ditugula arlo guztietan, gazteek erreferenteak izan ditzaten, eta egun, emakume idazleak erreferente bihurtu dira, baita ere gizonentzat". Dena den, arlo horretan egiteko dagoen bidea "luzea" dela esan du hark, berdintasunaren ikuspegitik.

Arratsaldean aitortza jasoko duen Landa ere goraipatu du Emakunderen zuzendariak: "Nire esker ona adierazi nahi diot euskal kulturari eta berdintasunari egindako ekarpen handiagatik".

Euskal Herrian halako azoka bat antolatzea "poztekoa" dela esanez amaitu du hitzartzea Elgarrestak, emakumeei "gela propioa" eskaintzen dielako. Emakunderen zuzendariak Virginia Woolf idazleari erreferentzia egin dion moduan, Zubizarreta alkateak Bizenta Mogel azkoitiarra, euskaraz idatzi zuen aurreneko emakumea, izan du gogoan.

Azkoitiko kultur eskaintza, aberasten

Elgarrestak azaldutakoaren bat egin du hark ere, eta azokak batzen dituen hiru elementuak "zein baino zein garrantzitsuagoak" direla azpimarratu du alkateak. "Udalak ez du zalantzarik izan liburu azokari bultzada ematerakoan, eta espero dut ibilbide luzea izango duela, baita herritarrek eta irakurleek erantzungo eta gozatuko dutela gaur eta bihar". Herriko kultur eskaintza "aberatsa" dela uste du Zubizarretak, eta Geure Gelatik azokak bere alea jarriko dio horri. Maxixatzen elkarteari, Emakunderi eta Kutxa Fundazioari eskerrak eman dizkio hark, baita azokan parte hartuko duten idazleei eta herriko liburu dendei ere. "Eusteko eta indartzeko hainbat arlo ditugu, eta berdintasuna, euskara eta literatura zaku horretan sartzen dira. Eutsi diezaiogun, eman hegoak".

Etxebestek, bere aldetik, azaldu du Kutxa Fundazioaren helburu nagusia dela "Gipuzkoa bidezkoago, jasangarriago, kultuagoa eta sortzaileagoa" sortzen laguntzea dela. Bide horretan, lurraldearen gizartean eta ingurumenean eragin positiboa indartzeko hirugarrenei laguntza ematea" dute lan ildoetako bat, eta horren barruan kokatu dute Geure Gelatik liburu azoka. "Gure buruari ezarritako asmoa gauzatzeko bidean, beste erakundeekin batea aritzea da aurrera egiteko modurik eraginkorrena". Kutxa Fundazioa azokaren "bidelagun" da, besteak beste, literatura, euskara eta emakumeak uztartzen dituelako. "Idazle erreferenteen artean, emakumeen presentzia areagotzen laguntzen du, euskaldun aktiboak sustatzen ditu eta literaturarekiko atxikipena bultzatzen du". Era berean, hiru elementu horiek uztartzen jarrai dezaten, azoka aurten harrobia lantzen hasiko dela azaldu du hark, umeen eta gazteen literaturak izango duen protagonismoagatik. "Kutxa Fundazioaren ekarpenak hori guztia posible egingo duela jakiteak harro eta esker oneko sentiarazten gaitu".

EGITARAUA

Gaur, ostirala

- 17:00. Irekiera. Mariasun Landaren ibilbideari aitortza, Arantxa Urretabizkaiak aurkeztuta.
- 17:30. Annie Ernaux 2022ko Nobel sarituari buruzko hitzaldia. Hizlaria: Mariasun Landa.
- 18:30. Dorotea (Pamiela) album ilustratuaren ipuin kontaketa eta collage tailerra, Amaia Egidazurekin.

Bihar, larunbata
- 10:00. Petare (Emagin/Txalaparta). Leire Ibarguren egileak Miren Egiguren protagonista
elkarrizketatuko du.
- 11:00. Natura gure esku (Alberdania), Aiora Zabala Aizpuru. Aurkezlea: Naiara Elortza.
- 12:00. M ama eme ume (Elkar), Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez. Aurkezlea: Josune Herrarte.
- 17:00. Mahai ingurua: Gazteentzako literatura. Hizlariak: Jasone Osoro eta Alaine Agirre. Bideratzailea: Xabier Mendiguren.
- 18:00. Ibilbidea (Tz Testu Zaharrak), Egeriaren liburuaren aurkezpena, Maite Lopez las Heras
itzultzailearekin. Aurkezlea: Julen Garate.
- 19:00. Emakumeek idatzitako testuen irakurketa, hogei lagunen ahotsetan.
- 20:00. Azokako partaideentzat mokadutxoa.