Erabilgarri dago Trenbidearen Zumardian egokitutako parke bio-osasungarria

Andoni Elduaien 2023ko mar. 29a, 16:01
Pasira egitasmoko, udaleko eta Izarraitz Lanbide Heziketako kideak, parkean. (Udala)

Aizkibel liburutegiaren alboko zabalgunearen ondoan kokatu du udalak parke bio-osasungarria. Guztira, 38.945 euroko aurrekontua izan dute lanek.

Trenbidearen Zumardiako parke bio-osasungarria erabilgarri dago. Azkoitiko Udalak Aizkibel liburutegiaren ondoko zabalgunearen ondoan kokatu du parke berria. Erakundearen arabera, lanek 38.945 euroko aurrekontua izan dute. 

Aire zabaleko kirol-ekipamendua egokitu dute Trenbidearen Zumardiako parkean, eta bereziki "adin nagusiko pertsonekin pentsatuta" jarri du udalak gunea, ariketa fisikoak dituen onurengatik. Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak adierazi du espazio berriak "ekarpen bikoitza" egingo duela. "Batetik, badakigu osasuna eta kirola uztartuta doazela, eta gune horrek ariketa fisikoa egiteko aukera ematen du. Bestetik, hartu- emanetarako eta sozializaziorako tokia ere bada. Espero dugu erabiltzaileak dibertitzea eta ondo pasatzea gorputza trebatzeko ariketak egiten dituzten bitartean".

Parkeak Azkoitia "udalerri lagunkoiagoa" egiten duela nabarmendu du hark. "Osasuna eta aisia lotuz, interakzio soziala sustatzen du". Horren haritik, udalak gogoratu du azken urteetan hainbat egitasmo jarri dituela martxan pertsona nagusiek jarduera fisikoa egin dezaten, hala nola Pasira edota Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua.