Azkoitia eta Urretxu arteko errepidearen lehen faseko lanak amaituta izango dira maiatzaren erdialderako

Andoni Elduaien 2023ko mar. 30a, 13:45
Oiarbide diputatua Zubizarretari, Luquiri eta Azkoitiari azalpenak ematen, Aizpurutxon. (Andoni Elduaien)

Aldundiko eta Azkoitiko nahiz Urretxuko udaletako ordezkariak GI-631 errepidearen lehen faseko lanak gainbegiratzen izan dira gaur Aizpurutxon. Lanak maiatzaren erdialderako amaituta izatea espero du aldundiak. Lanen bigarren zatiaren proiektua idatzita du aldundiak, eta lanketa horrek 13 milioi euro inguruko aurrekontua izango du.

Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko obren lehen faseko azken lanak aste honetan hasi dituzte. Lanak azken txanpan murgilduta dituztela baliatuta, obrak gauzatzen ari diren gunean elkartu dira gaur, osteguna, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatua, Jon Luqui Urretxuko alkatea, eta Javier Zubizarreta nahiz Ana Azkoitia, Azkoitiko alkatea eta zinegotzia, hurrenez hurren.

Errepidea asfaltatzeko lanak hasi dituzte aste honetan, eta aldundiaren arabera, asfaltozko lehen geruza zabaltzeko obrak aste honetan bertan amaituko dituzte. Lanak amaitutzat emango dituzte errodadura-geruza zoruan zabaldu eta seinaleztapen nahiz baliza elementuak instalatu ondoren. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, maiatzaren erdialderako guztiz amaituta izango dira lehen faseko lanak. "Ez dugu data zehatzik jarri nahi, baina apirilaren amaieraren eta maiatzaren lehen hamabostaldiaren tartean espero dugu lanak amaituta izatea", adierazi du Oiarbidek.

2021eko ekainean hasi zituzten lehen faseko lanak. Oiarbidek Aizpurutxon azaldu duenaren arabera, GI-631 errepidearen trazadura hobetzea da "aldundiaren obra estrategikoetako bat". 1,3 kilometroko bidean aurreratzeko hiru errei eraiki dituzte errepidearen bi noranzkoetan. Lan horiek eginda, errepidearen erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna "hobetu" egingo dira Oiarbiderentzat. "Errepide-sare erosoa, modernoa eta segurua izatea funtsezkoa da gure industriarentzat eta egunero bidaiatzen duten langileentzat". Lan horiek gauzatzeko inbertsioak erakusten du, Oiarbideren esanetan, "eskualdeen garapenerako eta kohesiorako konpromisoa".

Aurrekontuaren inguruko xehetasunak ere eman nahi izan ditu Bide Azpiegituretako diputatuak, eta hark azaldu du obra osoaren aurrekontua igo egin dela –45,5 milioi euroko aurrekontua zuen proiektuak hasieran–, eta, azkenean, 50 milioi euro ingurukoa izango dutela. Era berean, jakinarazi du lanen bigarren zatiaren proiektua idatzita duela aldundiak, eta lanketa horrek 13 milioi euro inguruko aurrekontua izango dutela. "Hurrengo agintaldiaren hasieran obra horiekin hasteko moduan izango da aldundia".

Oiarbidek adierazi Aizpurutxon egindako obrak "konplikatuak" izan direla, batetik, klimagatik, eta bestetik, GI-631 errepideak jasotzen duen trafikoagatik. "Oso leku hotza eta hezea da, eta gainera, trafikoa irekita egon den bitartean egin dira lanak. Zorionez, amaierara iritsi gara". Azkoitia eta Urretxu arteko errepidetik 3.300 ibilgailu baino gehiago igarotzen da egunero, eta horien %10 dira ibilgailu astunak.

Lanak amaitzear direla eta, Javier Zubizarreta alkatea gustura agertu da: "Obra baten hasierak poza ematen baldin badu, zer esan obra horien amaiera iragartzeak. Azkoitia eta Urretxu arteko obra hauek beharrezkoak dira; aspalditik ari ginen eskatzen, eta egia bihurtzear dira. Diputatuak azaldu duen bezala, errepidean gero eta segurtasun handiagoa izango dute erabiltzaileek. Aldundia esfortzu handia ari da egiten horretarako, eta asko eskertzen diogu".

Era berean, alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie errepidearen erabiltzaileei. "Errepide honetatik igarotzen diren erabiltzaileei ere eskerrak eman nahi dizkiet, jakin baitute sortutako eragozpen guztiei aurre egiten. Komunikaziorako bide desberdinak zabaldu dira errepidearen lanen berri emateko, eta horrek asko lagundu du. Obra honek izan dituen zailtasunekin eta gauzatu diren bezala gauzatuta, oso gustura egoteko moduan gaude guztiok".

Errepidea asfaltatzen ari dira azken egunetan. (Andoni Elduaien)