Astelehenean irekiko da II. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketara lanak aurkezteko epea

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 15a, 09:53
I. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketaren saridunak. (Anartz Izagirre)

Bigarrenez antolatu dute sariketa udalak eta Hike Eizan! egitasmoaren lantaldeak, "hika edo hitanoa bertsogintzan ere erabiliz, hika hizkerari oro har bultzada" emateko. Lehen edizioan bezala, gazteek zein helduek har dezakete parte lehiaketan. Bertsoen gaia, neurriak eta doinuak libreak izango dira, eta sei sari banatuko dituzte. Maiatzaren 17a izango da lanak aurkezteko azken eguna.

Herrian hika hizkera sustatzeko Hike Eizan! egitasmoaren barruan, bigarrenez antolatu dute Azkoitiko Udalak eta egitasmo horren lantaldeak Hike Eizan! bertsopaper lehiaketa. Hain zuzen ere, etzi, apirilaren 17an, irekiko da lehiaketara lanak aurkezteko epea; hilabetez egongo da zabalik, maiatzaren 17a izango baita lanak aurkezteko azken eguna.

Iazkoaren ildo beretik prestatu dute aurtengo lehiaketa. "Hika edo hitanoa bertsogintzan ere erabiliz, hika hizkerari oro har bultzada ematea" da helburua, eta nahi duen orok izango du idatzitako bertsoak lehiaketara aurkezteko aukera. Bertsoen gaia, neurria eta doinua libreak dira, baina guztiak hitanoan idatzita egon beharko dira; halaber, noka idatzitakoak "baloratu" egingo ditu epaimahaiak. Aurten ere bi maila bereiztu dituzte antolatzaileek, gazteena (18 urte artekoak, 2005ean eta ondoren jaiotakoak) eta helduena (18 urtetik gorakoak, 2006ean eta aurretik jaiotakoak). Sarien kopurua eta poltsa ere ez dira aldatu II. Hike Eizan! lehiaketan. Guztira sei sari banatuko dituzte: 250 eta 125 euroko sari bana gazteen mailan; 500 eta 250 euroko beste bi helduenean; eta 150 euro gazteentzat eta 300 euro helduentzat, Azkoitia sariaren barruan.

Lehiakideek nahi adina bertsopaper aurkez ditzakete, baina sorta bakoitzak izan behar duen gutxieneko bertso kopurua zehaztu dute antolatzaileek: gazteek gutxienez sei eta helduek gutxienez zortzi bertso idatzi behar dituzte, lehiatu ahal izateko. Lanak aurkezteko bideari dagokionez, egileek ezizenarekin sinatu behar dituzte bertsopaperak, eta izen-emate orriarekin batera aurkeztu, udaletxeko harrera bulegoan, aurrez aurre, postaz edo telematikoki. Azkoitiko Udalaren webgunean jarri dituzte II. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketaren oinarriak.

Aurten ere Hike Eizan!-eko lantaldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bina kidek osatuko dute epaimahaia. Udalak maiatzaren 29an jakinaraziko ditu lehiaketaren emaitzak, eta III. Hike Eizan! bertso saioaren barruan banatuko dituzte sariak, Elkargunean, ekainaren 22an. Eli Pagolak irabazi zuen I. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketa.