'Piztu Herrixe' kanpainaren erosketa bonuak, Kontzejupean salgai

Ane Olaizola 2023ko api. 24a, 11:33

466 bonu aurrez aurre salduko dituzte gaur, astelehena, Azkoitiko Udalak eta Herrixen elkarteak. 10:00etan jarri dituzte salgai horiek, Kontzejupean, eta ilarak sortu dira horiek eskuratzeko. Arratsaldean ere izango da erosketa bonuak lortzeko aukera.

Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak beste urte batez antolatu duten Piztu Herrixe kanpainaren barruko erosketa bonuak ari dira gaur, astelehena, saltzen Kontzejupean, eta goizetik ilarak sortu dira horiek eskuratzeko.

Herritarrek, orain arte, Internetez izan dute erosketa bonuak lortzeko aukera, eta gaur goizean aurrez aurre jarri dituzte horiek saltzen. 10:00ak geroztik, dozenaka herritar gerturatu dira udaletxe azpiko frontoira bonuak erostera, gero herriko saltokietan gastatzeko. Izan ere, bonu bakoitzak 30 euro balio du, eta haren balioa 60 eurokoa izango da; hau da, hamar euroko sei txartel jasoko dituzte herritarrek beste horrenbeste sektoretan maiatzaren 31ra bitartean trukatzeko. Ohi bezala, koloreka banatu dituzte bonuak, saltokiak bereizteko. Gainera, kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan koloretako kartel bana agertuko da, bezeroak bertan erabili dezaketen bonua zein den ahalik eta lasterren identifikatzeko.

Goizez, 10:00etatik 13:00etara eskuratu ahal izango dira gaur bonuak, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara artean. Guztira, 466 bonu jarriko dituzte herritarren esku.