Azkoitiko udaleku irekietarako izen-ematea, zabalik

Andoni Elduaien 2023ko mai. 2a, 09:52
Iazko udalekuetako irudi bat. (Andoni Elduaien)

Maiatzaren 12ra arteko epea egongo da haurra udaleku irekietan inskribatzeko epea. Batetik, Praka Motxakin eta Artxabentura udaleku irekietan eman ahalko dute umeek izena, eta bestetik, Kodeka eta Briko udalekuetan.

Gaur, asteartea, zabaldu du Azkoitiko Udalak aurtengo udaleku irekietarako izen-emate epea. Beste urte batez, Azkoitiko Udaleko Gazteria Sailak Udazblai izenpean aurkeztu ditu Praka Motxakin eta Artxabentura udalekuak. Ekainaren 26tik 30era bitartean egingo dituzte Artxabenturako ekintzak, eta uztailaren 3tik 28ra, bi txandetan banatuta, Praka Motxakin udalekuetako ekintzak.

Gaurtik hilaren 12ra arte egongo da zabalik izena emateko epea, eta nabarmendu dute epez kanpoko inskripziorik ez dutela onartuko. Era berean, jakinarazi dute ez dutela dirurik itzuliko parte hartzearen baja izen-ematea itxi ondoren egiten bada. "Ordurako erosketa eta kontratazioak eginda izango dira", azaldu dute.

Praka Motxakin udalekuetan HH3 mailatik LH6 mailara arteko ikasleek parte hartu ahalko dute. Bi txandetan banatuta egingo dituzte udalekuak: lehen txanda, uztailaren 3tik 14ra bitartean egingo dute, eta bigarrena, uztailaren 17tik 28ra. Aldiz, Artxabentura udalekuetan DBH 1etik DBH4ra arteko ikasleek eman ahalko dute izena.

Praka Motxakin eta Artxabentura udalekuez gain, Gazteria Sailak Kodeka teknologia udalekua eta Briko udalekuak antolatu ditu. Teknologia udalekuetan landuko dituzte negutegi autonomikoa, robotika, adimen artifiziala, errealitate areagotua eta droneak. Bestalde, briko udalekuetan egurra eta zumea landuko dituzte hiru proiektutan banatuta.

Hona hemen udaleku guztien informazioa: