San Juan futbol zelaia berrituko du udalak

Ane Olaizola 2023ko mai. 4a, 09:15
San Juan futbol zelai artifiziala. (Andoni Elduaien)

"Ingurumen irizpideak errespetatuz", berdegunea berritzeko hainbat aukera aztertu ditu udalak, eta betelan organikoaren alde egin du. Hori hala, arto-buruez ekoitzitako materialarekin beteko dute zelaia, eta belar azpiko oinarria polietilenozkoa izango da, material beraren hondakinetatik eratorria.

Azkoitiko Udalak San Juan futbol zelaiko hainbat instalazio hobetuko dituela jakinarazi du, eta horien artean, hango belar artifiziala berrituko du. Izan ere, erakundeak azaldu du denboraren eta erabilera handiaren bidez "hondatuta" geratu dela 2009an jarri zuten belar sintetikoa: "Berrikuntza eskatzen du guneak", esan du.

"Ingurumen irizpideak errespetatuz", zelaia berritzeko hainbat aukera aztertu ditu udalak, hala nola betegarririk gabeko sistemak, hareazko betegarria, eta betegarri organikoa, "mikroplastikorik ez erabiltzeko" xedez. Betelan organikoaren alde egin du udalak, eta hain zuzen, arto-buruez ekoitzitako materialarekin beteko dute zelaia, eta belar azpiko oinarria polietilenozkoa izango da, material beraren hondakinetatik eratorria: "Beraz, ez du elementu kutsatzailerik izango". Era berean, belar azpiko oinarria drainatzailea eta elastikoa izango da, "erorikoak leuntzeko" asmoz.
 
Bestalde, behin zelaia berritu ostean beste hainbat esku-hartze egingo dituzte haren kalitatea "ahalik eta altuena" izan dadin. Hain zuzen, "entseguak" egingo dituzte erabilitako belarraren, betegarriaren zein oinarri elastikoaren kalitatea probatzeko FIFA Quality Pro ziurtagiriaren eskakizunen
arabera, eta FIFAk egiaztatutako laborategi baten eskutik.