Merkataritza lokalen alokairurako dirulaguntzak emango ditu Azkoitiko Udalak

Andoni Elduaien 2023ko mai. 5a, 12:01
Kale Nagusiko zenbait merkataritza lokal. (Andoni Elduaien)

Ekintzaile berrian aktibitatea sustatzeko asmoz zabaldu du Azkoitiko Udalak dirulaguntzak eskatzeko deialdia. Interesa duten herritarrek abenduaren 4ra bitartean egin ahal izango dute aurtengo urteari dagokion eskaera.

Azkoitiko Udalak merkataritza lokalen alokairurako dirulaguntzak emango ditu, ekintzaile berrien aktibitatea sustatzeko asmoz. Erakundeak azaldu duenez, laguntza jaso ahal izateko eskaera epea zabalik dago jada. Hain zuzen, merkataritza-jarduera bat hasi nahi duten, edo belaunaldi aldaketa eman nahi duten ekintzaileei zuzenduko die laguntza udalak.

Erakundeak ohar bidez azaldu du "hutsik dauden udalerriko lokalak berreskuratzea" dela helburu nagusia. Laguntza jaso ahal izateko eskaera aurtengo urte osoan zehar aurkez daitezke, zehazki, abenduaren 4an amaituko da aurtengo deialdiari dagokion eskaera epea.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, ordea, hainbat baldintza bete beharko dira. Besteak beste, baldintzetako bat da ekintzaileak lokalaren jabearekin sinatutako alokairu kontratuak gutxienez bi urteko iraupena izatea. Bi urte horietan, dirulaguntzaren zenbatekoa hileko alokairuaren prezioaren %50 izango da, betiere, gehienez 250 euro.

Erakundeak nabarmendu du herriko hiri-lurzoruan kokatuta dauden merkataritza-lokalak sartzen direla soilik laguntza deialdi horren barruan. Eskaerak udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan aurkeztu beharko dira. Informazio osagarria eskuragarri dago udalaren webguneko dirulaguntzen atalean.