Pentekoste jaiak ospatuko dituzte asteburuan Azkoitiko Martirieta auzoan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 16a, 09:11
Martirieta auzoa. (Artxiboa)

Larunbat arratsaldean hasiko dituzte Pentekoste jaiak Azkoitiko Martirietan. Bertso afaria egingo dute egun horretan auzoan. Igandean, berriz, bestelako ekintza ugari izango dira.

Asteburuan ospatuko dituzte Azkoitiko Martirieta auzoan Pentekoste jaiak. Larunbat arratsaldean emango diote jaiei hasiera, eta igande arratsaldean amaitu. Bitartean, hamaika ekintzarekin gozatzeko aukera izango dute auzotarrek eta herritarrek.

Larunbatean, 18:00etan botako dute Pentekoste jaiei hasiera emateko suziria, eta haren segidan, trikipoteoa egingo dute. 20:30ean, berriz, bertso afaria hasiko dute. Entsaladilla errusiarra, urdaiazpikoa, baserriko oilaskoa eta parrillan erretako txuleta letxugarekin eskainiko dituzte afaltzeko, baita postrea, kafea, kopa eta edariak ere. Bertsotan arituko dira Anjel Mari Peñagarikano, Jexux Mari Irazu eta Unai Mendizabal bertsolariak. Gai jartzaile lanak, berriz, Unai Izagirre Attola azkoitiarrak egingo ditu. Bertso afarian parte hartu nahi dutenek erreserba egin beharko dute aurrez, 638 427 168 telefono zenbakira deituta; afariaren prezioa 40 euro da.

Igandean berriro ekingo diote festari auzoan, Hasteko, hamarretakoa egingo dute elkartean eta bentan, 10:00etan. 11:00etan, berriz, auzoko hildakoen aldeko meza egingo dute auzoko elizan. 12:00etan, ostera, arraza libreko artzain txakur txapelketa egingo dute, Artxate elkarteak antolatuta. Honako artzain eta txakur hauek parte hartuko dute lehian: Asier Dakosta eta Zeru, Inaxio Etxeberria eta Miss, Bittor Bengoetxea eta Puppy, Pello Segurola eta Kai, Jon Olibares eta Jolie eta Gaizka Etxaniz Martirietako auzotarra eta Laster.

Arratsaldean jarraituko du festak auzoan. 14:30ean, bazkaria egingo dute auzoko plazan dagoen bentan eta 17:00etan umeentzako askotariko jolasak. Antolatzaileek azaldu dute jolasak amaitu bezain laster merienda eskainiko dietela parte hartzaile guztiei.

Autobusa, joan-etorria egiteko

Udalak Martirieta auzora igotzeko eta handik herrira jaisteko autobus zerbitzua eskainiko du igandean. Goizean, 11:00etan igoko da autobusa hara, eta 14:00etan jaitsi. Aldiz, arratsaldean, 16:30ean igoko da autobusa auzora eta 19:30ean jaitsi. Julio Urkixo etorbideko 7 zenbakiaren pareko autobus geralekuan –Eroski txikiaren alboko geralekuan– hartu beharko dira autobusak.