Antton Oñederraren omenezko txirrindulari lasterketa izango da bihar

Andoni Elduaien 2023ko mai. 19a, 11:02
Iazko txirrindulari lasterketako irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

16:30ean hasiko dira probak, eta txirrindulariak Trenbidearen Zumardia eta Juin kalea lotu beharko dituzte bizikleta gainean. Benjamin, alebin eta infantil mailetan 30na txirrindulari espero dituzte antolatzaileek.

Bihar, zapatua, Antton Oñederraren omenezko IV. Txirrindulari Lasterketa jokatuko dute Azkoitian. 16:30ean hasiko dira probak, eta txirrindulariak Trenbidearen Zumardiaren eta Juin kalearen artean ibiliko dira, propio larunbaterako prestatuko duten zirkuituan.

Guztira, kilometro inguruko zirkuitua osatuko dute antolatzaileek. Benjaminek, alebinek eta infantilen bi, sei eta hamabi itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari, hurrenez hurren. Gipuzkoa mendebaldean dauden taldeek parte hartuko dute biharko lasterketan; hain justu, maila guztietan 30 txirrindulari inguru espero dituzte, eta horien artean izango dira Azkoitiko Peña Elorza taldeko kideak.

Eragina trafikoan

Bestalde, Udaltzaingoak jakinarazi du txirrindulari lasterketak eragina izango duela Trenbidearen Zumardia eta Juin kaleetako errepideetan nahiz hango aparkalekuetan. Hain justu, bihar, zapatua, ezingo da bi kale horietatik igaro, ezta bi kale horietan ibilgailurik aparkatu ere 12:00etatik 20:00etara bitartean.

Lasterketako parte hartzaileei buruzko informazio gehiago, honako lotura honetan.