Antton Oñederraren omenezko txirrindulari probak jokatu dituzte Azkoitian

Andoni Elduaien 2023ko mai. 20a, 19:15

Guztira, 94 txirrindularik parte hartu dute Oñederra zenaren omenezko lasterketan. Benjamin, alebin eta infantil mailako lasterketa jokatu dituzte. Kilometro inguruko zirkuituari bueltaka aritu dira haurrak bizikleta gainean.

Gaur, zapatua, Antton Oñederraren omenezko IV. Txirrindulari Lasterketa jokatu dute Azkoitian. 16:30ean hasi dira probak, eta txirrindulariak Trenbidearen Zumardiaren eta Juin kalearen artean ibili dira, propio prestatutako zirkuituan. Guztira, 94 txirrindularik parte hartu dute Oñederra zenaren omenezko lasterketan.

Guztira, kilometro inguruko zirkuitua osatu dute antolatzaileek. Benjaminek, alebinek eta infantilen bi, sei eta hamabi itzuli eman behar izan dizkiote zirkuituari, hurrenez hurren. Gipuzkoa mendebaldean dauden taldeek parte hartu dute lasterketan.

Alebinen mailan, mutiletan, Markel Diazek (Dorletako Ama) irabazi du lasterketa, bigarren sailkatu da Peña Elorza taldeko Jakes Zubizarreta, eta hirugarren Luken Zulaika (Elgoibarko txirrindulari elkartea). Nesketan,berriz, Ainhoa Plazak (Dorletako Ama) irabazi du lasterketa, bigarrena Nile Agirretxe (Dorletako Ama) izan da, eta hirugarrena, Irati Ansola (Elgoibarko).

Infantilen mailan, mutilen, Aitor Murguzek irabazi du proba (Aloña Mendi), Unai Taboada (Goierri KE) izan da bigarrena eta Aimar Ugarteburu (Goierri KE) hirugarrena. Nesketan Dorletako Ama taldeko txirrindulariak nabarmendu dira. Izaro Ezpeleta helmugaratu da aurrena, Katixa Navarro bigarren eta Maialen Sancho hirugarren.