Arima eta Harat taldeen doinuekin gozatu dute musikazaleek Matadeixen

Andoni Elduaien 2023ko mai. 22a, 09:56

Beldurrez beste egitean lan berria aurkeztu zuen Arima taldeak ostiralean, Matadeixen, eta Haratek taldearen izena daraman diskoa. Musikazaleek gogotik gozatu zuten bi taldeen doinuekin.

Ostiralean, Arima eta Harat musika taldeen kontzertuak izan ziren Matadeixen. 22:30ean hasi ziren bi taldeen emanaldiak gune horretan, eta musikazaleek gogotik gozatu zuten bi taldeen doinuekin.

2018. urtean sortu zen Arima musika taldea, distortsioaren hariari tiraka. Paule Bilbaoren musika ekimena izan zen; izan ere, hura egun taldearen ahotsaz eta gitarraz arduratzen den kidea bakarka hasi zen hasieran; dena den, berehala sortu zuten hirukotea. Josu Gonzalez baxu jotzaileak eta Gontzal Bilbao bateria jotzaileak osatzen dute taldea. Aurten, Beldurrez beste egitean lan berria plazaratu dute, Bonberenean grabatu eta bertako zigiluarekin argitaratua. Musikalki rock giroetan murgildu ohi da taldea, shoegaze bezalako eremuetan sakonduz. Azken lan horietako kantuak aurkeztu zituzten Matadeixen.

Bestalde, Harat musika taldea Ibai Gogortza musikariaren proiektu berria da. Borrokan, Joseba Irazoki, Mice eta Joseba B. Lenoir taldeetan ibili ostean abiatu zuen hark Harat taldea. Iñigo Telletxea (baxua) eta Mattin Arbelaitz (bateria) ditu Gogortzak bidelagun. Soinu, erritmo eta hitz garratz-gozoak eskaini zituen Matadeixen Harat taldeak. Harat diskoa Berako (Nafarroa) Atala estudioan grabatu dute Iñigo Irazokirekin gidaritzapean, eta hango errepertorioko abestiak eskaini zituzten.