Prebentzio neurriak betetzeko zein betearazteko patronalak eta erakundeek duten "erantzukizuna" exijitu dute sindikatuek Azkoitian

Andoni Elduaien 2023ko mai. 22a, 14:43
Montajes Olaizola lantegiaren aurrean egin dute elkarretaratzea. (Andoni Elduaien)

Sindikatuek salatu dute gremio ezberdinen koordinazioan sortzen diren arrisku gehituak kontrolatzeko araua "ez dela betetzen". Hori horrela, patronalari eta Eusko Jaurlaritzari exijitu diote "lan osasun eta prebentzio arloko arauak zorrotz betetzea".

LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU CGT sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, astelehena, hilaren 11an Azkoitiko Montajes Olaizolan jazo zen lan heriotza salatzeko. Sindikatuek Euskal Herrian hildako hogeigarren langilea gogoan izan dute eta familiari, lankideei nahiz ingurukoei doluminak adierazi dizkiete. 

Montajes Olaizola lantegiaren aurrean elkartu dira sindikatuetako ordezkariak, eta haiek "patronalak nahiz instituzioek laneko prebentzio neurriak betetzeko eta betearazteko duten erantzukizunari behingoz heltzeko" exijitu dute.

Sindikatuek nabarmendu dute eraikuntza sektorean gertatutako istripu ez dela "kasu isolatua". Gremio ezberdinen koordinazioan sortzen diren "arrisku gehituak kontrolatzeko araua ez da betetzen", haien arabera. "Hori gertatzen da patronalak kapitala langileriaren bizitzaren aurretik jartzen duelako. Hori ahalbidetzen duena Eusko Jaurlaritza ere bada, ez baititu beharrezko neurriak hartzen lan osasun eta prebentzio arloko arauak zorrotz bete daitezen".

Era berean, azpimarratu dute Azkoitiko lan heriotza ez dela izan Euskal Herriko azkena. Izan ere, hilaren 18an, Burlatako (Nafarroa) industrialde batean lanean zebilela larriki zauritu zen 22 urteko langile gaztea zendu egin zen. Azken heriotza hori salatzeko,  dela eta, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU CGT intersindikalak elkarretaratzea egingo du bihar, asteartea, Iruñean (11:30), Nafarroako Gobernuaren aurrean.