Pottors ta Klito eta Esur Beltxa taldeen kontzertuak izango dira zapatuan Matadeixen

Andoni Elduaien 2023ko mai. 24a, 09:03
Pottors Ta Klito taldearen kontzertu bateko irudi bat. (Pottors Ta Klito)

22:30ean hasiko dira bi musika taldeen kontzertuak larunbatean, eta emanaldiak ikusteko sarrerak 7 euro balio du. Pottors ta Klito taldeak punk musika feminista aurkeztuko du. Karkaba eta Gaitze musika taldeetan aritutako Roberren Esur Beltxak, berriz, blues punk doinuak.

Larunbatean, Pottors ta Klito eta Esur Beltxa musika taldeen kontzertuak izango dira Matadeixen. 22:30ean hasiko dira bi taldeen emanaldiak gune horretan, eta musikazaleek 7 euro ordaindu beharko dute sarrera.

Pottors ta Klito Zarauzko (Gipuzkoa) euskarazko punk musika feminista talde bat da, 2009an sortua. Punkaz gain, bestelako musika estiloak ere erabiltzen dituzte; "garunak astintzeko" musika sortzen du Zarauzko musika taldeak; beraien hitzetan, "pottormusika" egiten dute, "barrutik, pottorretik ateratzen zaien musika". Abestien letrak feministak dira, eta generoa, hilerokoa nahiz autodefentsa feminista hartzen dituzte abestietarako gai bezala.

Bestalde, Karkaba eta Gaitze musika taldeetan aritutako Roberrek haren bakarkako lan berria aurkeztuko: Esur Beltxa. Matadeixen, Esur Beltxa bakarkako proiektua aurkeztuko du, gitarrarekin eta ahotsarekin. Giro gozatuago batean baina jarrera berdinarekin, blues punk doinuak eskainiko ditu hark. Lehengo urtean atera zuen maketa Esur Beltxa taldeak.