Bihar arte luzatu dute Azkoitiko II. Trikiti Eguneko bazkarirako izen-emate epea

Andoni Elduaien 2023ko mai. 24a, 11:11
Iazko bazkariko irudi bat. (Ane Olaizola)

Larunbatean ospatuko dute II. Trikiti Eguna, Azkoitian. Dean, Koxka eta Latz tabernetan bihar bitartean eman daiteke bazkaltzeko izena. Helduen menuak 25 euro balio du eta 15 urtetik beherakoenak 15 euro.

Larunbatean, hilak 27, bigarrenez ospatuko dute Azkoitian Trikiti Eguna. Iaz baino aurreratuago dator aurten trikitiaren festa; izan ere, trikiti zaleek iaz irailean egin zuten jaia maiatzeko azken asteburuan egitea erabaki dute.

Trikitiak izango du protagonismo guztia larunbatean, baina egunerako prestatu duten egitarauaren barruan, lagunarteko bazkaria dago. Hasiera batean, antolatzaileek hilaren 20ra arteko epea jarri zuten bazkarirako izena emateko, baina haiek jakinarazi dutenez, bihar, osteguna, itxiko dute azkenean bazkaltzera apuntatzeko epea. Dean, Koxka eta Latz tabernetan eman daiteke bazkaltzeko izena.

Aurten, helduentzako eta 15 urtetik beherakoentzako menu bana eskainiko dute catering bidez. Helduek entsalada mistoa, iberikoak eta baserriko oilaskoa nahiz txerri saiheskia parrilan jateko aukera izango dute, pasteltxoak, ogia, kafea, edariak eta kopa barne. 25 euro ordaindu beharko da helduen menua. Aldiz, 15 urtetik beherakoei honako menu hau eskainiko diete: iberikoak, urdaiazpiko kroketak, parrilan erretako baserriko oilaskoa patatekin, izozkiak, ogia eta edariak. 15 euro balio du haurren menuak.