Azkoitia trikitiaren bilgune, bigarrenez

Andoni Elduaien 2023ko mai. 26a, 09:45
Tapia, Epelde, Izagirre... Azkoitiko I. Trikiti Egunean. (Julen Imaz)

Bigarrenez egingo dute Trikiti Eguna bihar Azkoitian, eta iazko bidetik joko dute jaia egiteko. Irailean ospatu zuten iaz eguna, baina aurten, udaberrira aurreratzea erabaki dute.

Bigarrenez ospatuko dute Trikiti Eguna bihar Azkoitian. Trikigiro elkarteak eta Azkoitiko Udalak antolatu dute eguna, Um Blem Ble tabernarien elkarteak lagunduta. Iaz piztu zuten herriko zenbait trikitilarik I. Trikiti Eguna sortzeko sugarra, eta aurten, trikitiaren festari jarraipena ematea erabaki dute, zenbait hilabete aurreratuta; izan ere, iaz irailean ospatu zuten eguna.

Dozenaka trikitilarik beren doinuak herriko kaleetan zabalduko dituzte. Inguruko musikariak izango dira, batik bat, bihar Azkoitian, tartean trikitilari ezagunak, ikasleak eta horien maisuak. "Deialdi zabala" egin dute antolatzaileek, baina ikusteko dago zenbat lagunek parte hartuko duten. Hala azaldu dute Ibon Errazu eta Maialen Artetxe antolatzaileek. "Euskal Herriko trikiti eskola guztiei zabaldu diegu Trikiti Egunaren kartela. Hemen ingurukoek baieztatu dute beren parte hartzea, batik bat".

Egitaraua, iazko bidetik

Goizetik iluntzera arteko egitaraua prestatu dute aurten ere antolatzaileek. Iaz bezala, San Martinen elkartuko dira trikitilariak, eta hainbat taldetan banatuta, auzoz auzo ibiliko dira 11:30etik aurrera. Pare bat orduz ibiliko dira soinua eta panderoa eskuetan hartuta, horien hotsak herrian zabaltzen; izan ere, 13:30erako jarri dute hitzordua Julio Urkixo kalean, kalejira handia egiteko. Egunean parte hartzera animatutako trikitilari guzti-guztiak elkartuko dira batzokiaren parean, eta handik herriko plazara elkarrekin egingo dute bidea. Plazara iritsi orduko aterako dute taldeko argazkia.

15:00etan, herri bazkaria egingo dute plazan bertan. Ordea, Kultur Etxe azpiko arkupeetan jarriko dituzte mahaiak euria bada. Iaz, zenbait herritarrek prestatutako paella banatu zuten bazkaltzeko, baina aurten catering zerbitzu bat hartzea erabaki dute. Gaur-gaurkoz, 150 lagun inguruk erosi dute bazkarirako txartela. Aurten, iaz ez bezala, bi menu jarri dituzte aukeran: bat, helduentzat, eta bestea, 15 urtetik beherakoentzat. "Iaz ez ginen haurrekin oroitu, eta aurten, umeentzako menua jarri dugu", azaldu dute. Gainera, antolatzaileek erabaki dute "zapatuko azoka errespetatzea" eta bazkaltzeko mahaiak muntatzeko lanak "azokako martxa amaitu orduko" egitea.

18:30etik 22:00etara bitartean, berriz, erromeria egingo dute plazan bertan. Bazkarian parte hartuko duten trikitilariekin egingo dute erromeria, horiek txandaka igoko baitira hainbat pieza eskaintzera plazan jarriko duten oholtzara. "Bazkaltzen sortzen den giroaren arabera" egingo dituzte erromeriarako taldeak. "Une horrek bere saltsa sortzen du. Ez da talde jakin bat arratsalderako ekarri eta haiekin erromeria egitea bezala. Postre edo kafe orduan erabakitzen da jendaurrean nor norekin arituko den. Iruditzen zaigu modu horretan hiru-lau pieza jotzeko aukera handiagoa ematen zaiela parte hartzaileei".

Era berean, azpimarratu dute gazteei begira ere "iniziatiba sortzeko bide" ematen duela antolaketa era horrek. "Saltsa hori gustatu egiten zaigu, ez da egituratutako ezer; era horretara planteatzen dugu guk Trikiti Eguna". Aurten, gauean ez da bestelako talderik izango erromeriarako. Honela azaldu dute zergatia bi lagunek: "Iaz, erromeria talde batek jo zuen gauean. Arratsaldeko jaia luzatu egin zitzaigun, eta horregatik, aurten kentzea erabaki dugu, arratsaldeko erromeria ordubete luzatuz". Antolakuntzako bi kideek adierazi dute arratsaldeko erromeria plazan egitea aurreikusten dutela, baina euria egiten badu Kontzejupean egingo dutela.

Hilabeteak aurreratuta

Irailetik maiatzera aurreratu dute aurten trikitiaren eguna. Iaz, jaia egitea erabaki zutenerako urte erdia igaroa zen, eta horregatik, irailean egin zuten I. Trikiti Eguna. Ordea, Azpeitian urrian egiten dute urtero Trikigiro jaialdia, eta bi egunak elkarrengandik "gertu" egokitzen zirela eta, aurten Azkoitiko Trikiti Eguna aurreratzea erabaki dute. "Beldurra-edo sortu zen taldean jendea Azkoitiko eguna edo Azpeitikoa aukeratzen hasiko ote zen. Bileretan erabaki genuen bi egunak bata bestearengandik banatzea, eta hori erabakita, udaletxean galdetu genuen zer data aukera genezakeen. Orduan erabaki genuen Trikiti Eguna maiatzeko azken zapatuan egitea".

Hauteskundeek izango dute nolabaiteko eragina Trikiti Egunean. Iaz, esaterako, argazki erakusketa jarri zuten Kontzejupean, baina aurten Portaleburura eramatea zen antolatzaileen nahia. Etziko hauteslekuetako bat Portaleburu izango denez, aurten ez dute erakusketarik jarriko. Dena den, datorren urtean "trikiti munduko kultur ekarpenen bat" egitea aurreikusten dute.

Orain, eguraldi iragarpenen zain daude egunaren antolatzaileak eta festaz gozatu nahi duten herritarrak. Dena den, "eguraldi ona enkargatuta" dutela nabarmendu dute antolaketa taldeko bi lagunek.