2023ko udal eta foru hauteskundeak

EAJk irabazi ditu udal hauteskundeak Azkoitian, baina zinegotzi bat galdu du

Ane Olaizola 2023ko mai. 28a, 22:07

Jeltzaleek zinegotzi bat galdu dute aurreko udal hauteskundeekin alderatuta, eta zazpi hautetsi izango dituzte datorren agintaldian. EH Bilduk ere zinegotzi bat gutxiago izango du; sei, guztira. Azkoitia Bai-Elkarrekin koalizioak igoera nabarmena izan du, eta zinegotzi bat izatetik hiru izatera igaroko da. PSE-EEk zinegotzi bat izango du hurrengo agintaldian ere.

Udal hauteskundeetan EAJ alderdia izan da bozkatuena Azkoitian. Izan ere, alderdi jeltzaleak 2.003 boto eskuratu ditu udal hauteskundeetan (botoen %38,20), eta zazpi zinegotzi izango ditu, egun baino bat gutxiago. EH Bildu izan da bigarren indarra Azkoitian, eta koalizioak 1.848 boto eskuratu ditu (%35,24); horrenbestez, sei ordezkari izango ditu udalean, egungo agintaldian baino bat gutxiago. Atzetik, 810 botorekin (%15,44), Azkoitia Bai-Elkarrekin hirugarrena izan da hauteskundeetan; igoera nabarmena izan du herri plataformak, eta zinegotzi bat izatetik hiru izatera igaroko da hura. PSE-EEk 438 boto lortu ditu (botoen %8,35), eta zinegotzi bati eutsi dio. PPk, berriz, 62 boto lortu ditu (%1,18), eta ez du hautetsirik izango. Horrez gain, 82 boto zuri zenbatu dituzte.

8.490 herritar zeuden botoa ematera deituta udal hauteskundeetan, eta 5.307 lagunek eman dute botoa (%62,51). Azkoitian parte hartzeak behera egin du udal hauteskundeetan; zazpi puntu eta erdi jaitsi da azken udal bozetatik; %37,49koa izan da abstentzioa.

Duela lau urteko bozekin alderatuta, Azkoitiko Udalbatzaren argazki orokorrak aldaketa esanguratsu bat izango du. EAJk eta EH Bilduk zinegotzi bana galtzeaz gain, Azkoitia Bai-Elkarrekin taldea laugarren indarra izatetik hirugarren izatera igaro da, eta udalbatzan zinegotzi bat izatetik hirura pasatuko da.

2019ko alderaketa

2019ko udal hauteskundeetan ere EAJ alderdia izan zen bozkatuena Azkoitian, baina jeltzaleek gehiengo osoa galdu zuten orduan. EAJk 2.717 boto eskuratu zituen udal hauteskundeetan, botoen %46,09; EH Bildu izan zen bigarren indarra orduan ere, eta koalizioak 2.194 boto eskuratu zituen (%37,22); atzetik, 465 botorekin, PSE-EE hirugarrena izan zen hauteskundeetan (%7,89), eta Azkoitia Baik, 369 boto lortu zituen (%6,26).