Xabier Aierdi: "Immigrazioa areagotuko da; zifrek gora egingo dute"

Andoni Elduaien 2023ko mai. 31a, 11:48
Xabier Aierdi. (Utzitakoa)

Xabier Aierdi (Zeberio, Bizkaia, 1957) migrazio prozesuez arituko da gaur, Elkargunean. Zapatuan, Sahara Eguna ospatuko dute Azkoitian, eta horren bueltan antolatu dute soziologoaren solasaldia.

Migrazio prozesuen inguruko hitzaldia eskainiko duzu gaur Azkoitian. Zer azalduko duzu?

Egungo migrazio prozesuak nondik eta nora doazen ikustea izango da helburua. Orain arteko migrazio prozesua zer izan den eta datozen urteetakoa nolakoa izango den azalduko dut. Migrazio prozesuak asko haziko dira, eta horrek migrazioari buruzko iritzi errealista bat edukitzea ekarriko du. Egon daitezkeen posizioetan nahiz zurrumurruetan sakonduko dut.

Biztanleen %10 inguru da atzerritarra Azkoitian. Migrazio errealitate desberdinak izateak zailtasuna sortzen al du pertsonen integrazioan?

Ez. Herri baten konposizioan aniztasun handia egoteak ez du esan nahi halabeharrez gauzak gehiago zailtzen direnik. Kontua zera da: gizarte hartzaile bezala gaitasuna dagoen jende hori guztia hartzeko.

Eta ba al du gaitasunik?

Marokoarrak edota sahararrak 400 pertsona baino gehiago dira Azkoitian, eta 250 inguru pakistandarrak; horiek dira atzerritarren komunitate nagusiak. Inguruko udalerriekin alderatuta, argi dago Azkoitian pakistandarren faktorea oso garrantzitsua dela. Latinoamerikarrak gutxiago dira, nahiz eta gerora asko izan daitezkeen. Azkoitia gune berezia da; Eibar eta Elgoibar [Gipuzkoa] inguruan egon daitekeen korridorea izan liteke Azkoitiari dagokiona. Hori ikusita, bertako egitura produktiboan txertatu al daitezkeen edo ez eskatzen du egoerak, baita enpleguari dagokionez zenbat jende jasoko duen ere. Atzerritarrak jasotzeko faktore nagusia lana da, ez da arrazoi kulturala. Era berean, eragina du dibertsitateari aurre egiteko zer gizarte eta kultur politika egiten diren ere.

"Datozen urteetan, immigrazioa zeharo haziko da Azkoitia bezalako herrietan"

Zurrumurruak, pertzepzioak eta jarrerak izango dituzu jomugan. Zenbateraino eragin dezakete faktore horiek atzerritarren integrazioan?

Estrukturalki egoera ondo badoa, faktore horiek ez dute horrenbeste eragiten; bestela, ordea, bai. Migrazioa aztertzeko edota onartzeko ikuspegiak oso antzekoak dira mundu guztian. Edozein gizarte hartzaileri gustatuko litzaioke bakarrik bertakoekin bizitzea, kanpotik datorrena distortsio bat bezala hartzen da eta. Horregatik pentsatu behar da Azkoitiak edota beste edozein udalerrik ez duela aparteko berezitasunik. Garrantzitsua da ikustea zer-nolako parametroetatik edo zer marko interpretatzailetatik aztertzen den immigrazioa. Zenbait uste ustelak diren neurrian, onena da horiek baztertzea. Errealitatea zein den jakin, prozesuak nola garatzen diren ezagutu eta gizarte egituretan nahiz eguneroko bizitzan zer-nolako inkorporazioa dagoen ikusi behar da, orduan errazagoa izaten da-eta immigrazioa kudeatzea. Gestioa egin egin behar da, eta horretarako, toki bakoitzeko berezitasunak aztertu behar dira, eta bi elementu ikusi: batetik, immigrazioa edonon erreparoz hartua dela, eta bestetik, herriaren osaketa, gero politika aproposak eratzeko.

Zurrumurru, pertzepzio eta jarrera horiek lehengoak izaten jarraitzen al dute? Zein dira egun jendartean diren zurrumurru nagusiak?

Zurrumurruak nahiko estrukturalak eta iraunkorrak dira; nekez aldatzen dira zurrumurruak. Garai bateko zurrumurru nagusia zen atzerritarrak hona gizarte laguntzak jasotzera zetozela. Lehen, immigrazioa aspektu ekonomikotik hartu ohi zen. Egun, kultur eremuetara igaro gara. Hori horrela, immigrazioa onartua dago gizartean, neurri handi batean. Behinik behin, onartzen dugu immigrazio kopuru bat egonda, gehiago egon daitekeela. Horrek lasaitu egiten du egoera, eta onartu egiten da immigrazioaren prozesua. Zurrumurruak alda daitezke, baina ez gehiegi. Jarrerak berberak edo antzekoak dira immigrazioa aztertzerakoan, oro har. Immigrazioa beti ikusi izan da Troiako zaldia bezala.

"Atzerritarrak jasotzeko faktore nagusia lana da; ez da arrazoi kulturala"

Migrazio prozesuak aldatu egin al dira azken urteetan?

Aldatu ez, intentsifikatu egin dira. Azken hamabi urteetan, immigrazio prozesuek geldialdi pare bat bizi izan dituzte: bata, krisi ekonomikoagatik, eta bestea, pandemiak bultzatuta. Prozesuak ez dira aldatu, eta eboluzioa ere ez da gelditu. Datozen urteetan, immigrazioa zeharo haziko da Azkoitia bezalako herrietan. Orain arte oso garrantzitsua izan da immigrazioa zaintza arloan, baina etorkizunean oso garrantzitsua izango da industria eremurako. Demografikoki zulo handia dugu hemen; ez dugu nahikoa jende enpresetan lan egiteko, eta hori guztia immigrazioak beteko du. Era berean, aurreikusten da 400.000 pertsona beharko direla industria eremurako. Hemendik 30 urtera, ziurrenik, erkidegoaren biztanleriaren herena edo laurdena immigratzailea izango da. Oso beharrezkoa izango da, eta gainera, saihetsezina.

Immigrazioak egiturazkoa eta ugariagoa izaten jarraituko duela adierazi duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Immigrazioa elementu konstantea izango da, eta gure gizarteko osagai iraunkorra. Ezin dugu pentsatu immigrazioa koiunturala dela, hona datorrela eta gero alde egingo duela. Ez, immigrazioa gelditzeko etorri da; nolabait betirako izango da. Etorkizuneko euskal gizartea nahaste handiko gizartea izango da; tokian tokiko nahasteak egongo dira, tokian tokiko premien arabera. Ordea, ez da igarotzeko immigrazioa, baizik eta bertan bizitzen gelditzeko immigrazioa. Seme-alabak izango dituzte, geratzen direnak bertan ezkonduko dira, ilobak izango dituzte, gure hezkuntza sisteman egongo dira, baita gure eguneroko bizitzan ere. Egituraren parte izango dira. Ez dakigu ehun urte barru euskal gizartea nolakoa izango den, baina ziurrenik beltzagoa izango da, immigrazioaren osagaia oso garrantzitsua izango da eta. Ordurako, ziurrenik, atzerritarren hirugarren edo laugarren belaunaldia izango dugu gurekin. Immigrazioa areagotuko da; zifrek gora egingo dute.

Erlazionatuak