Antonio Oteizaren eta Vicente Molinaren 'Serenus illuxit' erakusketa zabalduko dute ostiralean, Portaleburun

Andoni Elduaien 2023ko mai. 31a, 08:49
Antonio Oteiza eta Vicente Molina. (Udala)

Etzi, ostirala, inauguratuko dute bi lagunen erakusketa Portaleburu aretoan, 19:00etan. Erakusketa ekainaren 18ra arte egongo da zabalik. Azken hogei urteetan bi artistek egin dituzten lanak bateratuko dituzte erakusketa osatzeko.

Ostiralean 19:00etan zabalduko dute Portaleburu erakusketa aretoan Serenus illuxit erakusketa, Antonio Oteiza  kaputxinoaren eta Vicente Molina apaizaren obren erakusketa bateratua. Antonio Oteiza fundazioak eta Udalak antolatu dute ekimena. Ekitaldian parte hartuko du Vicente Molina berak. Aldiz, Antonio Oteizak ez du Azkoitira etortzerik izango, bere osasun egoerak eragozten diolako.

"Berriro ere Antonio Oteizarekin topo egitea –adierazi du Molinak– azken hogei urteotan biok egin dugun ibilbidea aurrez aurre jartzea bezala da. Bere obraren osotasunak, hain maisuki eginak, sakratutasunari buruzko diskurtso zoragarria oparitzen digu". Erakusketak "oinarri-oinarrira eramandako" irudiak jasotzen dituela adierazi du Molinak, eta barruan duena "ateratzen" eta "gogaitzen gaituen guztia ezabatzen" dutela. "Denok barruan daramagun betiko dei horren bila nabil, hori da gure benetako auto-erretratua", gehitu du apaizak. "Finituak murruaren beste aldera begiratu nahi du, han baitago infinitua, eta, batzuetan, arimak bilatzen duen esperientzia transzendente horren istant bat oparitzen zaio".

Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotzi eta Antonio Oteiza fundazioko kidearentzat "oso kide gutxi" hurbildu dira artetik arimaren ezagutzara, Oteiza eta Molina bezala. "Oteizak definitzen duen aura hori da, transmisioa da, bizitza da, eta transzendentzia da. Zurbaranen natura hil batek Cinquecento garaiko maddona batek baino aura gehiago duela, uste zuen".

Erakusketa ekainaren 18ra arte egongo da zabalik. Hain justu, astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara zabalduko dituzte aretoaren ateak. Larunbatetan eta igandetan goizez ere zabalik egongo da 12:00etatik 14:00etara.