Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa jokatuko dute larunbatean Azkoitian

Ane Olaizola 2023ko mai. 31a, 10:37
Sokatira txapelketa, iaz, Azkoitian. (Anartz Izagirre)

Gizonek eta emakumeek jardunaldi bana eskainiko dute Trenbidearen Zumardian dagoen belardian, 18:00etatik aurrera.

Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren jardunaldiak jokatuko dituzte larunbatean, Azkoitiko Trenbidearen Zumardian dagoen belardian. Gizonek zein emakumeek jardunaldi bana eskainiko dute 18:00etatik aurrera.

Euskal Herriko txapelketaren aurreneko jardunaldia jokatuko dute emakumeek, 540 kiloko pisuetan. Honako talde hauek lehiatuko dira: Akelarre, Gaztedi A, Gaztedi B eta Goiherri. Gizonen, kasuan, txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute, eta 640 kiloko proba izango da. Akelarre, Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri eta Mutrikuko sokatiralariak arituko dira nor baino nor.