Baserritarren azoka, txahal errea, sagardoa eta puzgarriak, igandeko Herri Jaian

Andoni Elduaien 2023ko eka. 1a, 08:25
Iazko txahal erretze garaiko irudi bat. (Ane Olaizola)

12:00etatik aurrera, txahal eta sagardo dastaketa egiteko aukera izango da herriko plazan. Era berean, baserritarrek beraien etxeetako produktuak salduko dituzte. Haurrentzako puzgarriak ere izango dira Goiko Losan, eguraldiak laguntzen badu.

Igandean, Herri Jaia ospatuko da Azkoitian. Baserri munduaren beharra ikustarazteko nahiz aldarrikatzeko, eta bertako produktuak sustatzeko sortu zen eguna, eta datorren igandean izango dira egun horri lotutako ospakizunak. Ohi bezala, txahal errearen pintxoez eta bertako ekoizleen produktuez gozatzeko aukera izango da herriko plazan.

Ikurrinaren plazan erreko dute txahala igande goizaldean hasita, eta 12:00etatik aurrera, txahal eta sagardo dastaketa egiteko aukera izango dute herritarrek. Hain justu, Petritegi, Zapiain, Añota eta Ekain sagardo ekoizleek parte hartuko dute igandeko jaian. Pintxoak jan eta sagardoa edan nahi dutenek txartelak erosi beharko dituzte horretarako plazan egokituko duten gunean. Era berean, edalontziak ere eskuragarri egongo dira han.

Herriko baserrietako produktuak ere eskainiko dituzte ekoizle azkoitiarrek. Zazpi baserritarrek jarriko dituzte postuak plazan, bertako jakien kalitatea eta eskaintza aurkeztuz. Eguraldiak laguntzen badu, gainera, haurrentzako puzgarriak ere jarriko dituzte Goiko Losan.