Bizkargi musika eta dantza eskolak piztuko du Azkoitiko San Joan sua

Andoni Elduaien 2023ko eka. 1a, 13:05
2019ko San Joan suaren irudietako bat. (Artxiboa)

40 urte bete ditu Bizkargik aurten, eta eskolak "herriari eginiko ekarpena" nabarmendu du udalak, "bai musika formakuntzan, bai herriko festa eta kultur aktibitateen dinamizazioan ere". Marijose Arregi eskolako zuzendariarentzat "pozgarria" da San Joan bezperan musika eskola protagonista izango dela jakitea.

Azkoitiko Udalak duela gutxi jakinarazi du aurtengo San Joan sua nork piztuko duen. San Joan bezperan, hilaren 23an, Bizkargi musika eta dantza eskolak izango du Baldako sua pizteko ardura. Eskolak 40 urte bete ditu aurten, eta udalak "publikoki aitortza" egin nahi dio Bizkargiri "urte luze hauetan herriari eginiko ekarpenagatik, bai musika formakuntzan, bai herriko festa eta kultur aktibitateen dinamizazioan ere".

Marijose Arregi eskolako zuzendariak adierazi du "pozgarria" dela San Joan bezperan musika eskola protagonista izango dela jakitea. "Harro egoteko modukoa da. Omenaldi horrek indarra ematen digu eta motibatu egiten gaitu musikari zaletuen nahiz profesionalen harrobia eraikitzen eta herriari musika jartzen jarraitzeko. Eskertze adierazpen bat da udalaren eta herriaren aldetik, eta aldi berean, gu ere, eskola gisa, oso eskertuta gaude eman zaigun aukeragatik".

Udalak adierazi du Azkoitian balio akademikoa izango zuen musika eskola bat martxan jartzea "lan eta ahalegin handiaren emaitza" izan zela; izan ere, Donostiako Kontserbatorioak 1979an erabaki zuen musika ikasketak deszentralizatzea. Testuinguru horretan, irakasleak eta gurasoak bildu ziren herrian, batzorde bat osatu zuten, eta udaletxean proiektu bat aurkeztu zuten. Huraxe izan zen lehen urratsa. Eskola abian jartzeko Eusko Jaurlaritzak behin betiko baimena 1982-83 ikasturtean eman zion Bizkargiri, eta hala ireki zituzten ateak Erruki-Etxea bezala ezagutzen zen eraikinean. 30 urtez Gaztanenea jauregian egon zen eskola –1985etik 2015era bitartean–, eta harrezkero, Elkargunean dago.

Eskolan 500 ikasle inguru hartzen dituzte urtero eta hamazazpi irakaslek egiten dute lan. "Eskola etengabe aurrerapausoak ematen joan da bere eskaintza akademikoan", nabarmendu du udalak.