Behin-behineko iraunkorrean iltzatuta

Ane Olaizola 2023ko ira. 15a, 09:53

Sidenorren Azkoitiko fabrikan, aldi baterako lan kontratuan lau, bost eta sei urte daramatzaten hamasei behargin daudela salatu izan du Langile Batzordeak, eta LABek publiko egin du "okertzen" ari den afera.

Sidenorreko Azkoitiko lantegiko Langile Batzordea duela bizpahiru urtetik ari da eskatzen zuzendaritzak langileen behin-behinekotasunarekin amai dezala, eta hura osatzen duten ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek deituta, hainbat elkarretaratze ere egin dituzte azken hilabeteetan. Protestek behar adina babes ez zutela izan ikusita, ordea, uztailean mobilizazioekin amaitzea eta aldarrikapena beste bide batzuetatik helaraztea erabaki zuen Langile Batzordeak. Dena den, LABen ustez gatazka ez da amaitu; are gehiago, egoera "larritu" egin da. Azken urteetako afera publiko egin nahi izan dute lantegi horretako LABen ordezkari diren Kepa Urzelaik eta Imanol Garmendiak.

Industriaren sektorean, Azkoitiko lantegi nagusietarikoa da Sidenor altzairu fabrika: 337 langile ditu egun, sindikatuaren arabera, duela bost urte baino ehun gutxiago, eta behin-behinekotasunean dauden beharginen kopuruak "antzekoa" izaten jarraitzen du. Haien ustez, aldi baterako langileen zenbatekoa baino, haiek egoera horretan daramaten denbora da arazoa. "Kontratu desberdinak lotuz, bost, sei eta zazpi urte behin-behinekotasunean daramatzaten hamasei langile daude enpresan". Hain zuzen, behin-behinekotasunean denbora gehien daramatzaten hamasei langileei kontratu iraunkorra egitea izan da elkarretaratzeetan aldarrikatu dutena.

LABek azpimarratu duenez, horrenbeste urtez behin-behinean daudenen lanpostuak «estrukturalak» dira; teknikoak eta kualifikatuak: "Mantenuko langileek bost errelebotara egiten dute lan, eta bakoitzean bina elektrikari eta mekanikari egoten dira; guztira, hamar. Horietatik, bakarra da finkoa. Beste bat azpikontratatuta dago, eta gainerako zortziak behin-behinean daude azken bost eta zazpi urte artean", esan du Urzelaik. Haren esanetan, enpresak langileen bajak baliatzen ditu behin-behinean daudenei "kontratu motzak behin eta berriz" egiteko.

Azkoitiko lantegiko Langile Batzordeak behin baino gehiagotan salatu izan du langile horien egoera "prekarioa". Izan ere, Garmendiak zehaztu duenez, haiek ezin dute beren bizitza "normaltasunez" garatu: "Ezin dute, esaterako, etxebizitzarik erosi, bankuan krediturik eskatu edo ezeren gaineko konpromisorik hartu, horrek dituen ondorio guztiekin. Bizimodua baldintzatuta dute".

LABen ustez, behin-behinean dauden langileek azken urteetan "sobera" erakutsi dute beren posturako "aproposak" direla, eta bizi duten egoerak, haiei ez ezik, beste behargin guztiei ere eragiten die: "Sidenorrek kontratu iraunkorrik ez duela egiten ikusita, behin-behinean dauden langileak beste enpresa batzuetara joaten dira. Langile kualifikatuak galdu ditu enpresak, eta horren ondorioak beste langileok ordaintzen ditugu".

Sindikatuaren arabera, enpresak "epe motzean" ez du aurreikusten langileei kontratu iraunkorrik egitea: "Inongo arrazoirik eman gabe, hori izan da enpesaren orain arteko erantzuna. Inpotentzia sorrarazten digu, [enpresa] esaten ari delako hark nahi duenean egingo dituela langileak finko. Ordea, langileek nahikoa meritu egin dute iraunkor izan daitezen, eta bien bitartean, enpresak irabaziak jaso ditu. Ez da bidezkoa, langile horiek ere enpresaren irabazien parte direlako". Maxixatzen enpresarekin harremanetan jarri da, baina hark ez du azalpenik eman egunkarik atzoko edizioa ixterako.

Lan hitzarmena helduleku

Langile Batzordearen eskutik, Azkoitiko Sidenorreko beharginek martxotik uztailera bitartean ostiralero egin zituzten elkarretaratzeak, baina LABeko ordezkariek aitortu dute langileei "kosta" egin zaiela protestara joateko pausoa ematea: "Askok adierazi digute beren babesa, eta behin-behinean dauden langileek ere eskertu digute, baina argazkian ateratzeak beldur handia ematen dio jendeari".

LABen asmoa zen mobilizazioei eustea, baina bide hori agortzea erabaki du Langile Batzordeak, eta egun, enpresako lan hitzarmena dute jomugan sindikatuek. Izan ere, guztien artean artikulu bat landu dute, lan hitzarmen berrirako aurkez dezaten. Datorren abenduaren 31n amaituko da enpresari dagokion lan hitzarmena, eta landutako artikuluaren xehetasunik eman ez badute ere, LABeko kideek azaldu dute beren eskaerak "irtenbide handia" emango liokeela lantegiaren "betiereko" behin-behinekotasunari.