Plaza Ondok Jubilatuen Astea antolatu du hilaren amaierarako

Ane Olaizola 2023ko aza. 13a, 12:00
Jubilatuen Astearen barruan iaz egin zuten bisita gidatua.

Hilaren 27tik abenduaren 3ra artean ospatuko dute Jubilatuen Astea, eta azken egunean, bazkaria egingo dute. Hara joateko izena eman ahal izango da bihartik aurrera.

Plaza Ondo jubilatuen elkartearen eskutik, erretiratuek beren aste ospatuz agurtuko dute azaroa. Izan ere, Jubilatuen Astea prestatu dute beste urte batez, eta horiek askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango dute hilaren 27tik abenduaren 3ra artean.

Azaroaren 27an, astelehenarekin, hasiko dira Jubilatuen Asteko ekintzak, eta Juan Bautista Mendizabal herriko kronista ofizialak irekiko du egitaraua: hain zuzen, San Jose ermitaren eta Santa Klara elizaren historia ezagutzeko bisita gidatua eskainiko du hark, 10:30ean Balda plazan elkartuta.

Hurrengo egunean ere Balda plazan elkartuko dira, 10:00etan, baina ibilaldia egingo dute orduan. Hain zuzen, Santa Kutz, Laja eta industriagunea zeharkatuz Loiolara joango dira, eta handik herrira itzuliko dira, bidegorritik.

Hilaren 30ean, San Andres egunean, berriz, txorizo pintxoa eta txikitoa eskainiko dituzte Orbela jatetxean. Abenduaren 1ean, bestalde, seiko urre, mus eta eskoba txapelketak jokatuko dituzte 16:00etan, eta joko bakoitzeko aurreneko hiru bikoteentzat sariak banatuko dituzte. 

Abenduaren 3an, igandez, amaituko dute Jubilatuen Astea: 11:00etan, meza izango da parrokian, eta 14:00etan, bazkaria egingo dute Joseba jatetxean. Hara joan nahi duenak bihartik hilaren 24ra artean eman dezake izena bulegoan, eta otordurako txartelak jasotzeko ezinbestekoa izango da bazkide txartela aurkeztea. Bazkideek 42 euro ordaindu beharko dute, eta gainontzeko herritarrek 45 euro. Bazkalondoren, dantzaldia izango da Lajarekin.