Franzesenari eskainitako organo kontzertua emango du Ignacio Arakistainek

Ane Olaizola 2023ko aza. 28a, 09:29
Ignacio Arakistain, artxiboko irudi batean. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Cavaille-Coll organoaren 125. urteurreneko azken kontzertua izango da igandean, Ignacio Arakistainen eskutik. Tarte horretan Azkoitiak izan dituen organista titularrei eskainiko diote kontzertua, egungo titular Jose Luis Franzesenari. 

Ignacio Arakistain organo jotzaile azpeitiarrak kontzertua eskainiko du datorren igandean Azkoitiko parrokian. Aurten, 125 urte bete ditu parrokiko Cavaille-Coll organoak, eta azken mende eta laurdenean Azkoitiak izan dituen organista titularrei eskainiko diete kontzertua, batez ere zeregin horretan 23 daramatzan Jose Luis Franzesenari. 19:00etan hasiko da doako kontzertua, eta Edwar Elgar, Arnold Schönberg eta Frantzesenaren obrak taularatuko ditu Arakistainek. Emanaldi horrekin, gainera, amaiera emango diote Azkoitiko Cavaille-Coll organoaren 125. urteurreneko ospakizunei.

Gaztea izanagatik, musika ibilbide emankorra du egina Arakistainek: 7 urterekin hasi zen pianoa ikasten, eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan jarraitu zuen ikasketa horiekin. Aldi berean, organoa ikasten ere hasi zen, Franzesena irakasle zuela. Egun, masterra egiten ari da Vienako Musika eta Arte Dramatikoko Unibertsitatean, Pier Damiano Peretti maisuarekin. Hainbat sari jaso ditu azken urteetan; iaz, esaterako, VI. Donostiako Orfeoia-Musikene saria jaso zuen, Valentin Larrea pianistari buruz egindako lanagatik.