Juan de la Rubia organo jotzaileak kontzertua eskaini du parrokian

Iraia Oteiza 2024ko ots. 10a, 09:16
Juan de la Rubia Cavaillé-Coll organoan, atzo. (Urtzi Oteiza)

Bartzelonako Familia Santuaren basilikako organista titularrak Bach konpositorearen obrak interpretatu ditu Azkoitiko Cavaillé-Coll organoan.

Bartzelonako Familia Santuaren basilikako organista titularra den Juan de la Rubiak doako kontzertua eskaini zuen atzo iluntzean Azkoitiko parrokian. Johann Sebastian Bach konpositoaren obrek osatu zuten atzoko errepertorioa, De la Rubiaren konpositorerik gogokoenaren doinuekin: "Bizitza osoan jo nezakeen eta inoiz nekatuko ez nindukeen konpositore bakarra da Bach", dio organo jotzaileak.

Atzokoa ez da De la Rubiak Azkoitian eskainiko duen kontzertu bakarra izango, hilaren 24rako organistaren bigarren emanaldi bat antolatu baitu udalak Azkoitiaren 700. urteurrenaren harira. Otoitzetik berpiztera errezitaldia eskainiko du orduan Donostiako Orfeoiarekin batera; Jose Antonio Sainz  Alfaroren zuzendaritzapean, Tomas Garbizuren Agur Maria, Madinaren Aita Gurea, Gustav Mahlerren Berpizkundea 2. sinfonia eta Lloyd Weberren Pie Jesu piezak eskainiko dituzte. Sarrera doakoa izango da.

Castelloko (Herrialde Katalanak) organo jotzaileak organo-errepertorio zabala du, XVI. mendetik XXI. mendera arteko abestiak interpretatzen baititu. Gainera, musikariak Azkoitiarekin badu lotura, Azkoitian, parrokiko Cavaille-Collo organoarekin, grabatu baitzuen 2003an lehen diskoa: In Sono Tubae. Ordutik, hainbatetan izan da herrian kontzertua eskaintzen. Diskogintzan ere "lan mardula" egin du organo jotzaileak, eta besteak beste, Bachi eskainiko diskoa kaleratu zuen 2016an.