Beristainek musika jarri dion 'To bird or not to bird' filmak Goya saria eskuratu du

Iraia Oteiza 2024ko ots. 12a, 10:52
Joseba Beristain iazko Goya sarietan. (Utzitakoa)

To bird or not to bird animaziozko film labur onenaren sarirako zegoen izendatua, eta azkenean, Goya saria eskuratu zuen larunbatean Valladoliden (Espainia) egin zuten galan.

Joseba Beristain musikari azkoitiarrak musika jarri dion To bird or not to bird film laburrak Goya saria eskuratu zuen larunbatean Valladoliden (Espainia) egin zuten jaialdian. Animaziozko film labur onenaren saria eskuratzeko lehian zegoen filma, eta azkenean bera izan zen irabazlea. Gizakia nagusi den mundu batean, txoriak ere gizakiaren gisan jokatuz ageri dira filmean, gizakien kezka eta obsesio gaixo berberekin.

Ez da To bird or not to bird film laburrak eskuratu duen lehen saria, aurretik ere beste zenbait jaialditan saritua izan baita. Beristainek film horretarako eginiko musikak ere aitortza bat baino gehiago lortu ditu, besteak beste, Alcine 52 lehiaketan eta Aguilar jaialdian musika original onenaren sariak eskuratu ditu azken hilabeteetan.

Halaber, Goya sarietan izan zen iaz Beristain. Jatorrizko abesti onenaren Goya saria eskuratzeko hautagaietako bat izan zen Batalla abestiarekin, baina saririk gabe gelditu zen orduko hartan. Hori bai, azkoitiarrak parte hartu zuen Loop eta Unicorn Wars animazio filmek Goya sari bana eskuratu zuten orduan. Hain justu, aurten gertatu moduan, Beristainek bi ikus-entzunezko horietarako musika ekoitzi zuen.