Hasi dituzte irisgarritasuna hobetzeko lanak Azpeitiko Arana Goikoa auzoan

Nerea Uranga 2022ko ira. 2a, 11:47

Azpeitian, Arana Goikoa auzoko 17 eta 18 zenbakidun etxebizitzen artean egingo dituzte obrak orain. Horrez gain, Azpeitiko Udalak esan du, auzo horretako 11 zenbakidun etxe atari aurrea hobetzea ere aztertzen ari dela. Hil honen bukaera aldera, berriz, auzoko ur hoditeria eta estoldak berritzen hasiko dira.

Auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak hasi ditu Azpeitiko Udalak Arana Goikoa auzoan, eta laster auzo horretako ur hoditeria, estoldak eta espaloiak berritzen hasiko da Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin elkarlanean. "Arana eta Arana Goikoa auzoen artean igogailua jarri ostean, Arana Goikoa auzoko irisgarritasuna hobetzeko obrak egitea adostu zuten auzotarrek eta udalak, eta dagoeneko martxan dira", esan du udalak. Orain hasi dituzten lanak Arana Goikoako 17 eta 18 zenbakidun atarien artean irisgarritasuna hobetzeko dira. Art eraikuntza enpresa ari da lanean, eta hiru hilabeteko epean bukatzea dute aurreikusita. Lan horien aurrekontua 130.403 euroko da.

Udalak aurreratu du, Arana Goikoa auzoko 11 zenbakidun etxe atariko irisgarritasuna hobetzeko proiektua lantzen ari dela, auzokoek hala eskatuta.

Ur hoditeria eta espaloiak

Arana Goikoa auzoan irisgarritasun hobea izateko obrez gainera, ur hoditeria, estoldak eta espaloiak berritzeko lanak ere egingo ditu Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin elkarlanean. Bi erakundeen arteko hitzarmenaren baitan egingo dituzte lan hauek, irailaren bukaeran hasita. 445.744 euroko aurrekontua izango dute, eta hiru-lau hilabeteko epean hasi eta bukatzea aurreikusi dute.