Foru Aldundiak bi zubi egonkortzeko lanak egingo ditu Azpeitian, eta eragina izango dute trafikoan

Maialen Etxaniz 2022ko ira. 25a, 18:20

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, GI-631 errepideko bi zubiren egitura sendotzeko obrak hasiko ditu bihar. Madalenatik Ezkuztako gasolindegira iritsi aurrekoa da konponduko duten zubietako bat, eta, bestea, Garmendigainekoa. Lanek eraginak izango dituzte trafikoan, eta obrak abenduan amaitzea aurreikusten dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-631 errepideko bi zubiren egitura sendotzeko obrak hasiko ditu Azpeitian. Hain zuzen, astelehenean, hilak 26, ekingo diote lanei. Obrek datozen hilabeteetan GI-631 errepideko trafikoan eragina izango dute, hain zuzen, GI-631 errepideko 12,580 eta 13,995 kilometroen artean dauden bi egituren inguruan.

Aldundiak adierazi duenez, "12,580 KP-an dagoen zubiak Azpeitia-Zestoa trenbidea zeharkatzen du –Urolako tren turistikoa– eta GI-631 errepideko 13,995 KP-an dagoenak Zumarraga-Zumaia trenbide zaharraren bidea hartzen duen bidegorria zeharkatzen du". Udalak zehaztu duenez, Garmendigainekoa da konponduko duten zubietako bat, eta, bestea, Madalenatik Ezkuztara bidekoa, gasolindegira iritsi aurretik dagoena, hain zuzen. 

Obrak abenduaren 18rako amaitzea aurreikusten du aldundiak, eta jakinarazi duenez, lanak amaitu bitartean, "beharrezkoa" izango da errei bat ixtea zubi bakoitzean. Ordezko pasabidea semaforoen bidez erregulatuko dutela ere jakinarazi du aldundiak.

Bidegorrian ere eragina

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu du "segurtasun arrazoiak tarteko", Garmendigaineko zubiaren azpiko bidegorri zatia itxita egongo dela. Hau da, Garmenditik Loiolara doan bidegorria irekita egongo da, baina zubiaren azpiko zatia itxi egingo dute. Hori dela eta, obrek irauten duten bitartean, oinezkoentzako eta txirrindularientzako "ibilbide alternatibo bat" prestatuko dutela jakinarazi du aldundiak.

Udalak, bere aldetik, desadostasuna agertu du bidegorria ixtearen erabakiaren aurrean: "Udalak bidegorriaren erabilera mententzeko eskatu badu ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak itxi eta Euskal Herria auzunearen aldetik alternatiba eskaintzea erabaki du. Beraz, Garmenditik Euskal Herriarako bidea lur azpiko pasabidetik egin beharko da lanek irauten duten bitartean"