Goraino bete da zezen plaza XIII. Zezen Beltz Asteburuko Grand Prixean

Anartz Izagirre 2022ko urr. 15a, 20:04

Goizean sokamutur txikia, zezen txikiak eta poniak izan dira kalean, eta arratsaldean Zezen Beltz Asteburuko ohiko Grand Prixa egin dute zezen plazan. Lau kuadrillak parte hartu dute lehian, eta Trumoie taldea izan da probak ondoen egin dituena. Bihar beste horrenbeste ekitaldi izango dira, goizean zein arratsaldean.

Jendetsua ari da izaten Zezen Beltz Asteburuaren XIII. edizioa Azpeitian. Gaur, larunbata, hasi dira ekitaldiak, eta sokamutur txikia izan da horietako lehena. 12:30ean haurrak eta gaztetxoak zezen txikiaren aurretik lasterka ibili dira Erdi Kaletik barrena, eta ondoren, plazan jarri duten itxituran zezen txiki gehiago eta poniak izan dira herritarren gozamenerako. Eguraldi ona lagun, jendetza bildu da plazan.

Arratsaldean jarraitu du festak, eta Zezen Beltz Asteburuan ohikoa bilakatu den Grand Prixa egin dute zezen plazan. Herritarrek ondo baino hobeto erantzun dute; izan ere, leporaino bete da zezen plaza, eta musika lagun, giro ederra sortu da. Aurten lau taldek parte hartu dute lehian: Trumoie, Tximistie, Naranjituek eta Antxintxike. Lau talde horietako gazteek sei proba egin dituzte guztira, batzuk zezenekin eta besteak gabe. Trumoie taldea izan da sei proba horiek ondoen egin dituen taldea, antolatzaileek iragarri dutenez. Behin probak amaituta, zezen bolaztatuak izan dira 16 urtetik gorako herritarrentzat.

Zezenzaleek bihar ere izango dute zertaz gozatua. Sokamutur txikia, zezen txikiak eta poniak izango dira berriro haurrentzat zein gaztetxoentzat, eta txahal saiheski errea dastatzeko aukera ere egongo da. Arratsaldean helduen entzierroa izango da Artzubitik plazara. Ondoren, berriz, zezen bolaztatuak izango dira Artzubia kalean, Zezen Beltz Asteburua behar bezala biribiltzeko.

Hona hemen biharko egitaraua:

Urriak 16, igandea:

  • 12:30: sokamutur txikia, eta ondoren, zezen txikiak eta poniak haurrentzat. Ordu berean, oilasko eta txahal saiheski errea egongo dira dastagai plazan.
  • 17:00: helduen entzierroa Artzubitik plazara, eta ondoren, zezen bolaztuak Artzubia kalean.