Helduen entzierroarekin eta zezen bolaztatuekin bukatu da XIII. Zezen Beltz Asteburua

Anartz Izagirre 2022ko urr. 16a, 18:28

Zezen Beltz Asteburuaren bigarren eguna izan da gaurkoa, eta atzo moduan, gaur ere festa giroa eta jendetza izan da nagusi ekitaldietan. Entzierroarekin eta zezen bolaztatuekin itxi du Zezen Beltzek aurtengo edizioa.

Eguraldi ona, jende mordoxka eta festa giroa izan dira nagusi Zezen Beltz Asteburuaren XIII. edizioan. Atzo, zapatua, izan ziren lehen ekitaldiak, eta gaur jarraitu du festak. Eguerdian txahal saiheski errea dastatzeko aukera izan da plazan, eta ordu berean, sokamutur txikia, zezen txikiak eta poniak izan dira plazan, atzo bezala. Gainera, urteetan oilasko eta saiheski errea prestatzen ibili diren Anjel Garate, Urko Garate eta Ana Arellano omendu dituzte Zezen Beltzekoek; azken aldia izan dute gaurkoa, eta oroigarri txiki bana eman diete.

Arratsaldean, berriz, helduen entzierroa izan da Artzubia kaletik plazara, eta handik bueltan berriro ere Artzubira joan dira zezenak. Hesiaren alde banatan jendetza bildu da gaur ere, eta zezenzaleek erruz gozatu dute ekitaldia. Entzierroa bukatu ostean, zezen bolaztatuak izan dira Artzubia kalean, eta horrekin amaitu da aurtengo Zezen Beltz Asteburu jendetsua.