'Go!azen 9.0' ikuskizuna eskainiko dute abenduaren 3an Azpeitian

Andoni Elduaien 2022ko urr. 19a, 09:44

Egun horretan birritan eskainiko dute ikuskizuna herriko antzokian, hain zuzen, 17:00etan eta 19:00etan. Dagoeneko eskuratu daitezke ikuskizunerako sarrerak bederatzi euroren truke Kulturazen webgunean.

Abenduaren 3an, Go!azen 9.0 ikuskizuna eskainiko dute Azpeitiko Soreasu antzokian. Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak antolatuta, bi emanaldi eskainiko dituzte ETB1eko telesaileko protagonistek herriko antzoki nagusian. 17:00etan taularatuko dute ikuskizuna lehen aldiz, eta 19:00etan bigarren aldiz. 

Dagoeneko eskuratu daitezke ikuskizunerako sarrerak Kulturazen webgunean. Bederatzi euro balio du sarrerak, eta ikus-entzuleek sarrera erosterakoan emanaldiaren ordu bat edo bestea hautatu beharko dute. Kultur bonua dutenek, berriz, bi sarrera eskuratu ahal izango dituzte gehienez. Emanaldira sartzerakoan, gainera, nahitaezkoa izango da kultur bonua erakustea.

Aurten Saioa, Gontzal eta Alain izango dira Basakabiko ikasle berriak. Haietako batek, ordea, sekretu bat du ezkutuan gordeta. Nola moldatuko dira ikasle berriak ikasle beteranoekin? Musikan eta dantzan oinarrituko dute aurtengoan ere ikuskizuna, baina maitasun istorioak, gezurrak eta abentura ere protagonista izango dira.