Uria, Viles eta Uranga omenduta, martxan da Garagardo Azoka

Julene Frantzesena 2022ko urr. 29a, 10:15

Atzo izan zen ISBk antolatzen duen egitasmoaren lehen eguna. Herritar ugari izan ziren Azoka Plazan, jan-edanean. Aurtengo edizioa, ofizialki, Realeko emakumeen taldeko Mirari Uria, Elene Viles eta Haizea Uranga jokalari azpeitiarrek inauguratu zuten, garagardo bana aterata eta topa eginda.

Atzo hasi zen Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatzen duen Garagardo Azokaren XII. edizioa. 20:00etan zabaldu zituzten Azoka Plazako ateak, eta pixkanaka, herritarrak hasi ziren hara joaten, afaltzera nahiz garagardoak dastatzera. Ofizialki, baina, 21:30ean inauguratu zuten egitasmoa. Izan ere, Realeko emakumeen taldeko Mirari Uria, Elene Viles eta Haizea Uranga jokalari azpeitiarrek garagardo bana atera eta topa egin zuten. Gainera, ISBko ordezkariek lore sorta bana ere eman zieten haiei.

Hasi baino ez da egin Garagardo Azoka. Gaur ere irekita egongo da, 20:00etatik 02:00etara bitartean, eta Kanuto DJa ariko da musika jartzen. Biharkoa atseden eguna izango da, baina astelehenean berriz zabalduko dute gunea: Asier DJa ariko da musika jartzen. Ondoren, datorren asteburuan, hau da, azaroaren 4an eta 5ean ere zabalduko dute Garagado Azoka, eta Davila DJaren txanda izango da azaroaren 5ean, azokaren azken egunean.