Jubilatuen Astearen barruan Urrestillara egingo duten txangorako izena eman beharko da

Julene Frantzesena 2022ko aza. 1a, 14:00

Azaroaren 12an egingo dute Azpeititik Urrestillara txangoa, eta hilaren 10a bitartean izango da ibilaldirako izena emateko aukera. Hamabi euro ordaindu beharko dute parte hartzaileek, eta ibilaldia bukatzean, hamaiketakoa egingo dute Sanjuandegiko Baigeran.

Ate joka da Baigera elkarteak antolatutako Jubilatuen Astea. Datorren astelehenetik aurrera, askotariko ekintzak egingo dituzte jubilatuek eta pentsiodunek, eta horietako batzuetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Besteren artean, azaroaren 12an, larunbatez, Azpeititik Urrestillara egingo duten txangoa da horietako bat. Hilaren 10era arte izango da ibilaldirako izena emateko aukera, Baigeraren bulegoan, eta hamabi euro ordaindu beharko da. Izan ere, Urrestillatik bueltan, hamaiketakoa egingo dute Sanjuandegiko Baigera IIan.

Horrez gain, azaroaren 10ean, ostegunez, Ezkioko (Gipuzkoa) Igartubeiti baserri-museora irteera egingo dute. 15:00etan abiatuko dira San Martin egoitzaren aurretik, eta museoa bisitatu ostean, afari-merienda egingo dute Aginagako Errasti sagardotegian. Hogei euroko prezioa du ibilaldiak, eta azaroaren 7a izango da izena emateko azken eguna. Ohi bezala, Baigeraren egoitzan eman beharko da izena.