Rikardo Arregi kazetaritza saria jasotzeko finalisten artean da Miel A. Elustondo

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 8a, 10:41

Azaroaren 30ean banatuko dituzte aurtengo Rikardo Arregi sariak, Andoaingo Bastero kulturgunean. Bi sari nagusi emango ditu epaimahaiak, Kazetaritza saria eta Komunikazio saria, eta Kazetaritza saria jasotzeko finalisten artean da azpeitiarra, 'Berria' egunkarian argitaratutako 'Tonban ehortzirik' erreportaje sorta tarteko. Kazetariaren ibilbide luzea eta kalitatea nabarmendu ditu epaimahaiak.

Rikardo Arregi kazetaritza sariak banatuko dituzte azaroaren 30ean, eta gaur jakinarazi dituzte sariak jasotzeko lehian ariko diren finalisten izenak. Bi sari nagusi emango ditu epaimahaiak: Kazetaritza saria bata, eta Komunikazio saria bestea; irabazle bakoitzak 9.000 euro jasoko ditu. Bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak, eta horien artean da Miel A. Elustondo azpeitiarra. Zehazki, Kazetaritza saria jasotzeko izendatuen artean dago Elustondo, Berria egunkarian argitaratutako Tonban ehortzirik erreportaje sorta tarteko.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, ibilbide luzea du Elustondok, eta kazetariaren ezaugarri hauek goraipatu ditu: "Aspaldi frogatua du bere elkarrizketatzaile sena euskarazko prentsa idatzian nahiz ikus-entzunezkoetan. Besteak beste, azken urteetako uharari jarraiki, hildako pertsonak elkarrizketatuz Tonban ehortzirik sailean ale bikainak eskaini dizkigu, euskarazko kazetaritzan parekorik ez dutenak. Dokumentazio lana, pertsonaiarekiko hurbilketa eta egiantzekotasun formala nabarmentzen dira fikzioaren eta kazetaritzaren arteko mugak hausten dituen sail honetan. Testu sorta honetan, batetik, eta euskarazko prentsa idatziko agerkarietan argitaratu dituen beste elkarrizketa nahiz erreportajeetan, bestetik, kazetari-sentsibilitate berezia agertzen du Elustondok, ezaugarri pertsonalak dituen marka. Eta, beste behin, agerian utzi du bere ibilbide luzean erakutsitako kalitatea".

Elustondorekin batera, honako hauek dira Kazetaritza saria eskuratzeko lehian izango diren beste finalistak: Amaia Lekunberri Ansolak ekoitzitako Anorexia, bestelako gerturapen bat. Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? izenburuko Larrun monografikoa, ETBren Aske bizi dokumentala eta ETBren Biba zuek magazina. Bestalde, honako hauek izango dira Komunikazio saria eskuratzeko lehian: enpresabidea.eus webgunea, Aiaraldea komunikazio proiektua, Aiora Probatxoak Youtuben duen jarduera eta Aiko Dantza taldeak sorturiko komunikazio proiektua –aikotaldea.eus–.

Ohorezko mugarriak

Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean egingo dute sari banaketa ekitaldia, eta aurtengo saridunak nortzuk diren jakinarazteaz gain, bi ohorezko mugarri ere entregatuko dituzte han: Elixabete Garmendiari eta Patxi Baztarrikari, hain zuzen ere.

Finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia ondorengoek osatzen dute: Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria eta film egilea), Miren Gabantxo (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (Mondragon Unibertsitateko Huheziko irakaslea eta komunikazioan aditua). Mahaiburua Alexander Huitzi Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna da, eta idazkaria, berriz, Arantza Aguado Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.