Gotzon Aranburu presoaren askatasuna eskatzeko manifestazioa deitu du Sarek abenduaren 17rako

Julene Frantzesena 2022ko aza. 10a, 11:23

Plazatik abiatuko da 'Gotzon gurekin' lelopean egingo duten protesta, 18:00etan. Azpeitiarrari 35 urte pasatxoko zigorra ezarri zioten ETAko kide izatea eta polizia kontrol batean izandako tiroketa batean parte hartzea leporatuta, eta gaur egun, Zaballako kartzelan dago preso. Hogei urte daramatza espetxean, bigarren graduan urte hasieratik, eta irteera programatuetarako aukera izan behar lukeela azaldu du Sarek.

Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren askatasuna eskatzeko manifestazioa deitu du Azpeitiko Sarek abenduaren 17rako, zapatua. Plazatik abiatuko da Gotzon gurekin lelopean egingo dute protesta, 18:00etan, eta Sarek manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Gainera, urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziorako deia ere egin du. Izan ere, Sareren esanetan, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxera itzultzeko prozesua egin ahal izateko lanean jarraitu behar da. "Guztion erantzukizuna da, eta hori gabe, ezinezkoa izango da herri honek egiteke duen etorkizunerantz bizikidetzan aurrera egitea".

2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu, Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalban (Madril) Guardia Zibilaren kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen. Aranbururi 35 urte eta hamabost eguneko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 20 urte daramatza espetxeratuta. Urte hasieran Zaballara lekualdatu aurretik, DueƱasko (Palentzia, Espainia) eta Villenako (Alacant) kartzeletan egona da.

Azpeitiarrak 2034an beteko du ezarri zioten espetxe zigorra, baina Sarek azaldu duenez, 2007an bete zuen zigorraren laurdena, eta hiru urte barru, 2025ean, beteko lituzke haren hiru laurdenak. Urtearen hasieratik, Zaballako (Araba) kartzelan dago Aranburu preso, bigarren graduan. Gradu horretan egonik, lege arrunta aplikatuz gero, hirugarren graduan egon eta irteera programatuetan parte hartzeko aukera izan behar lukeela azaldu du Sarek. "Egun baterako irteteko aukera izan beharko luke espetxeko funtzionarioekin batera, eta pixkanaka, irteera baimen arruntak eskuratzen joan. Urtean, gehienez, 36 irteera baimen izan behar lituzke; sei hilabeteko bakoitzean, gehienez, hemezortzi eguneko baimena. Gainera, egun horiek multzo txikietan banatzen dira; kalean, gehienez, sei egunez jarraian egoteko aukera izaten dute".

Datu horiek "argi" uzten dute, Sareren arabera, azken urtebetean "aldaketak" izan direla, eta horrekin "pozik" agertu da, urrunketarekin bukatzeko egindako mobilizazioek eta herritarren bultzadak "bere fruituak" eman dituelako. Dena den, Sarek "haserrea" adierazi du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Espainiako Fiskaltzaren bultzadarekin, tratamendu batzordeek euskal presoen kasuetan onartzen dituzten gradu aurrerapenak edo espetxe baimenak errekurritu eta bertan behera utzi dituelako. Hori dela eta, Mikel San Argimirok, Xabier Atristainek eta Aitor Esnaolak kartzelara itzuli behar izan dutela salatu du Sarek. Halaber, euskal presoek ibilbide juridiko penitentziarioaren aldeko apustuarekin jarraitzen dutela azaldu du: "Hori da errealitatea. Horren aurrean, Auzitegi Nazionalak tratamendu batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakiak geldiarazten ditu, eta salbuespenezko legedia mantentzearekin batera, etxera itzultzeko bideari eustea eragozten dute Europan ezagutzen ez diren espetxe zigor ikaragarriak betetzea helburu duten 7/2003 era 7/2004 lege organikoek".