Jabalera-Ion eta Uterga-Agirrezabala, Azpeitiko Erremonte Txapelketako finalistak

UKH 2022ko aza. 19a, 16:11
Agirrezabala, Uterga, Zeberio II.a eta Saldias erremontistak atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Erabaki da Azpeitiko Erremonte Txapelketaren finala zein erremontistek jokatuko duten. Atzo, ostirala, jokatu zuten ligaxkako hirugarren jardunaldia Izarraitz pilotalekuan.

Azpeitiko Erremonte Txapelketaren txapela erabakitzeko finala nortzuk jokatuko duten erabaki da: Jabalera-Ion eta Uterga-Agirrezabala bikoteak izango dira finala jokatuko dutenak. Joan zen azaroaren 4an hasi zen txapelketa, eta atzo, ostirala, ligaxkako hirugarren jardunaldia jokatu zuten erremontistek, Izarraitz pilotalekuan. Alde batetik, Zeberio II.ak eta Saldiasek osaturiko bikotea Utergak eta Agirrezabalak osaturikoaren aurka lehiatu zen, eta 15-35 amaitu zuten partida, Uterga-Agirrezabalaren alde. Segidan, Matxin III.a-Otano eta Jabalera-Ion aritu ziren elkarren kontra, eta Jabalerak eta Ionek ligaxkako hirugarren partida irabazi zuten atzo; 23-35 eginda. Jabalera-Ion bikotea nagusitasunez aritu da txapelketan, hiru jardunaldietatik hiru irabazi ditu.

Horrenbestez, datorren ostiralean, azaroaren 25ean, 22:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan jokatuko den final nagusiaren kartelera erabakita gelditu da: Jabalera-Ion eta Uterga-Agirrezabala bikoteak ariko dira nor baino nor; bi aurrelariak nafarrak dira, eta bi atzelariak, berriz, etxekoak, Azpeitikoak.

Aurten, lehen aldiz, e-Remonte enpresako pilotariak ari dira txapelketan parte hartzen, eta ez Oriamendikoak.

Matxin III.a-Otano eta Jabalera-Ion bikoteak, atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. (Argazkia: Azpeitiko Udala)