Eskuragarri daude 'Kastellanuek' dokumentalaren asteleheneko emanaldirako gonbidapenak

'Kastellanuek' dokumentalaren aurkezpen ekitaldiko irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Larunbatean estreinatuko dute Kastellanuek dokumentala, eta agortu dira dagoeneko emanaldi horretarako gonbidapenak. Astelehenean bigarren saio bat egingo dute, 21:00etan, Soreasu antzokian, eta gaurtik aurrera eskura daitezke hara joateko gonbidapenak.

Larunbatean estreinatuko dute Francoren diktadura garaian Espainiatik Azpeitira etorritakoen historia jasotzen duen Kastellanuek dokumentala, 18:00retan, Soreasu antzokian. Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko agortu dira lehen emanaldi horretarako gonbidapenak. Dena den, joan zen asteko aurkezpenean aurreratu zuten moduan, datorren astelehenean, azaroaren 28an, filmaren bigarren emanaldi bat izango da, 21:00etan, Soreasun. Gaurtik aurrera, eskuragarri daude emanaldi horretarako sarrerak, online nahiz Sanagustin kulturgunean. Udalak zehaztu duenez, etxez etxe bidali dutena herritarrak estreinaldiaz informatzeko eskuorria da, ez gonbidapena.

Francoren diktadura garaian, batez ere 50eko eta 60ko hamarkadetan, ehunka lagun etorri ziren Espainiatik Azpeitira, nagusiki Extremaduratik, eta horien bizipenak bildu dituzte Kastellanuek dokumentalean. Jon Maiak ondu du lana, Azpeitiko Udalaren eskariz, eta herriko historiaren zati baten protagonista izan zirenei omenaldia egitea da proiektuaren helburua. Guztira, hogei lagun baino gehiagoren testigantzak jaso dituzte ikus-entzunezkoan.

Hemen ikus daiteke dokumentalaren trailerra: