Azpeitiko landa lursailak digitalizatzeari ekin dio udalak

Anartz Izagirre 2022ko aza. 25a, 12:40
Landa lursailak digitalizatzeko udalak egindako bilera baten irudia. (Azpeitiko Udala)

Udalak landa lursailak digitalizatzeari ekin dio, eta lehen bilerak egin ditu lur horien mugak identifikatzeko nahiz zehazteko. Erakundeak adierazi duenez, proiektu horren xedea mugetan egon daitezkeen akatsak "argitzea eta zuzentzea" da, baita mugei zein mugarriei GPS koordenatuak ezartzea ere.

Lurraldeko hainbat landa lursail digitalizatzen hasi dira hainbat udalerritan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia, Turismo eta Landa Ingurunearen Sustapenerako departamentuak diruz lagunduta, eta Azpeitian ere ekin diote zeregin horri. Hain zuzen ere, Azpeitiko Udala herriko landa lursailen mugak zehazten, eguneratzen eta digitalizatzen hasi berri da, eta horretarako lehen bilerak egin ditu aste honetan, "mugen ezagutza babesteko asmoz".

Erakundeak nabarmendu duenez, "geroz eta zailagoa" da landa eremuko lursailak identifikatzea eta zehaztea: "Lursailen titularren batezbesteko adina altua da, eta mugen desagertze edo nahaste arriskua kontuan izanik, mugak eta mugarriak GPS koordenatuekin zehaztu behar dira. Herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da prozesuan". Lurren jabeei "plano pertsonalizatuak" emango dizkietela azaldu du udalak, eta bertan, lursailen mugak eta egun dauden mugarrien zein berrien koordenatuak zehaztuko dituzte; horiek zuzenak ez badira, katastroko mugak zuzenduko dituzte. "Proiektuaren helburuak dira mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea eta zuzentzea, eta mugei eta mugarriei GPS koordenatuak ezartzea", zehaztu du erakundeak.

500 partzela mugatzeko lanak

Lurren jabeek zein haien oinordekoek landa lursailen jabetzak ezagutzen ez badituzte, mugak zein mugarriak "nahasgarriak" izango direla argitu du udalak, edo bestela, "desagertu" egingo direla horiek. "Horren ondorioz, mendia ez da zaintzen, eta horrek ondorio larriak ditu landa munduan", diote. Aldundiaren laguntzarekin 500 partzela mugatzeko lanak hasi dituzte herrian, eta lursail horiek 836 hektarea hartzen dituzte landa lurzoruan. Lehen fase honetan 1 eta 7 poligonoetako landa lursailen inguruko lanketa egingo dute, eremua oso zabala baita. Gainerako poligonoetako lanketak datozen urteetan egingo dituztela iragarri dute.