Kalez kale eta plazaz plaza itzuli da Itsasi Eguna

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 26a, 14:49

Azpeitiko euskal kultur taldeko dantzari txikiak eta txistulariak kalejiran ibili dira eguerdian, dantza erakustaldiak egiteko geldialdiak eginez. Gaur egungo taldekideak zein kide ohiak bazkaltzeko elkartu dira gero.

Euskal musika eta dantza tradizionalez bete dira Azpeitiko Alde Zaharreko bazterrak gaur eguerdian. Pandemiak eragindako bi urteko hutsunea eta gero, gaur itzuli da Itsasi Eguna, eta eguraldi eguzkitsuak lagunduta, kalez kale eta plazaz plaza dantzan ibili dira Itsasiko dantzari txikiak, txistulariek lagunduta.

11:30ean elkartu dira itsasikideak Frontoi Txikian, eta han motorrak berotu ostean, eguerdia pasatxo zela abiatu dute kalejira Done Jakue kaletik. Perez Arregi plazan egin dutituzte lehen geldialdia eta dantza saioa. Erdikalean gora joan, eta Plaza Txikia izan dute hurrengo geltokia. Handik, plazatik eta Goiko kalean barrena, Olazko Andre Mariaren plazaraino joan dira ekinaldi berri bat egiteko, eta plazara itzuli dira eguerdiko azken geldialdirako.

Dantzari txikien saioaren ondoren, Itsasi Euskal Kultur Taldeko gaur egungo kideak zein kide ohiak bazkaltzeko elkartu dira, Itsasi Eguna borobiltzeko.