Gernika-Bermeo trenbidea behartuta egin zuten presoak gogoan, erakusketa zabaldu dute Azpeitian

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 28a, 16:22

Frankismo garaian Gernika eta Bermeo (Bizkaia) lotzen dituen trenbidea behartuta eraiki zuten hainbat presok, eta haien historia jasotzeko, erakusketa zabaldu dute Burdinbidearen Euskal Museoan. Aurrez, beste hainbat lekutan ikusgai izan da, eta orain, behin betiko geldituko da Azpeitian. Datozen egunetan hainbat irteera egingo ditu lurrun trenak.

Memoria historikoa ardatz, erakusketa bat zabaldu dute Burdinbidearen Euskal Museoan. Hain zuzen ere, Espainiako Gerran eta frankismo garaian Gernika eta Bermeo (Bizkaia) lotzen dituen trenbidea behartuta eraiki zuten hainbat presok, eta horiek gogoan zabaldu dute erakusketa. Zera jasotzen du egitasmoak: 1937an hasi eta diktadurako tarte luze batean, milaka preso baliatu zirela herriak eta azpiegiturak berreraikitzeko; besteak beste, errepideak, urtegiak eta burdinbideak egin zituzten haiek. Gernikako bonbardaketaren ondoren, hango geltokia nahiz trenbidea berreraiki behar izan zituzten hainbat presok, eta Sukarrietatik Bermeorako trenbidea zabaldu zuten; gertaera hori jasotzen du museoan zabaldu duten erakusketak, hainbat paneletan banatuta.

Gaur –astelehena– inauguratu dute erakusketa, eta han izan dira Pedro Marco Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko sailburuordea, Ernesto Martinez de Cabredo nahiz Javier Seoane Euskal Trenbide Sareko eta Euskotreneko zuzendari nagusiak, Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendaria eta Diego Leonet Euskal Herriko Kriminologiako Profesionalen eta Ikasleen Elkarteko presidenteordea. Laurak ados agertu dira gizaki haiei "duintasuna kendu" zitzaiela eta "aitortza merezi" dutela esaterkoan. "Ahaztu ezin dugun oroimen historikoaren beste pasarte bat da hura".

Lehenengoz, otsailean ikusi ahal izan zen erakusketa; orduan prestatu zuten Euskal Herriko Kriminologiako Profesionalen eta Ikasleen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak. Ordutik aurrera, hainbat lekutan ikusi ahal izan da erakusketa behin-behinean, eta orain, Azpeitian jarri dute; huraxe izango du behin betiko kokalekua.

"Baldintza negargarriak"

Agerrialdian gogorarazi dutenez, Espainiako Gerraren ondoren, Busturialdean, eta orokorrean, Bizkaian, Espainiako errepublikaren alde borrokatu ziren edo haren aldekoak ziren gizon asko gerrak eragindako ondorioak berreraikitzera behartu zituen diktadurak. Baldintza "negargarrietan" lan egiten zutela azaldu dute; askok, gainera, erbesteratze zigorrak jasan zituzten. Hala, preso gehienak Extremaduratik eta Andaluziatik (Espainia) ekartzen zituztela aipatu dute. 1944. urtetik aurrera, ehundik gora libertok ere lan egin zuten obretan; indultuak jasota edo zigorra beteta zeukaten presoak ziren libertoak. Preso horietako asko eskualdean bizitzen geratu zirela nabarmendu dute.

Trenbidea 1955ean inauguratu zuten, eta bete-betean funtzionatzen ari zen arren, gizon horiek lan osagarriak egiten jarraitu behar izan zutela jakinarazi dute, lanak "behin betiko amaituta" utzi arte. Obrak bukatu ondoren, Bermeoko destakamentu penala 1958an desegin zuten, eta bertan zeuden 30 presoak Madrilgo eta Murtziako (Espainia) beste zentro batzuetara eraman zituztela esan dute.

Datozen egunetan, hainbat irteera

Abenduko jaiegunak direla eta, lurrunezko tren historikoak jarriko dituzte martxan Burdinbidearen Euskal Museoan. Hona hemen ordutegia:

  • Abenduak 3, larunbata. Irteerak 12:00etan eta 17:00etan.
  • Abenduak 4, igandea. Irteera 12:00etan.
  • Abenduak 6, asteartea. Irteera 12:00etan.
  • Abenduak 8, osteguna. Urteko zirkulazio historikoen azken eguna. Irteerak 11:00etan (Alsthom 1004 diesel lokomotorearekin), 12:00etan (Zornotzatik Gernikara zihoan treneko Zugastieta lurrun lokomotorearekin) eta 13:00etan (Aurrera lurrun lokomotorearekin).

Abenduaren 5ean, astelehena, itxita egongo da museoa; abenduaren 7an eta 9an –asteazkena eta ostirala–, ordea, ez. Museoa asteartetik larunbatera zabaltzen dute, 10:00etatik 13:30era, eta igande eta jaiegunetan, 10:30etik 14:00etara. Gabonetako oporrak direla eta, abenduaren 18tik aurrera itxita egongo da museoa, eta urtarrilaren 10ean zabalduko dute berriro.