Igor Agirrezabala: "Ez da nahikoa jaialdiak eta txapelketak programatzea, gero jenderik ez bada joaten"

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 29a, 12:18
Xanti Uterga eta Igor Agirrezabala (eskubian) txapelak jantzita, ostiral gauean Izarraitzen. (Utzitakoa)

Ez du Azpeitiko Erremonte Txapelketan lehen garaipena izan aurtengoa, baina bai enpresaz aldatu zenetik lortu duen aurrena. Igor Agirrezabalak (Matxinbenta, 1982) 20 urte beteko ditu profesionaletan datorren martxoan. Gustura dabil abentura berrian, eta gorputzak uzten dion bitartean, jarraitzeko asmoarekin, "gogoa eta ilusioa" ez baititu galdu. e-Remonte enpresaren buruz burukoan murgilduko da datozen asteetan.

Zer sentitzen da etxeko txapela berriro irabazita?

Beti ematen dizu poza, nahiz eta urteetan aurrera joanda egon eta urte askoan jokatutakoa izan. Aurretik lau aldiz irabazitakoa nintzen Azpeitian, baita Uterga berarekin ere; Ansarekin eta Otaegirekin ere irabazi nuen, eta beste pare bat aldiz txapeldunorde gelditu ere bai. Izarraitzen bertan entrenatzen dugunez, beti moldatu izan naiz ondo hemengo txapelketan, eta etxekoak izanda, beti egiten dizu ilusio berezia hemen jokatzeak eta irabazteak. Gainera, inguruko jendeak ikusten gaitu hemen jokatzen, normalean kanpoan aritzen garenez, hemendik kanpora ikusteko aukerarik izaten ez duen jendeak.

Berezko bikotekidea Uterga zenuen arren, Otxandorenarekin jokatu zenituen txapelketako lehendabiziko bi partidak. Txapelak hiru jabe dituela esan al daiteke?

Bai, hori da. Laneko kontuak tarteko, Utergak ezin izan zituen jokatu lehen bi partidak, eta Otxandorenak ordezkatu zuen.

Gorabehera horrek zer eragin izan du zuretzat?

Mailaz zein jokoz, Otxandorena baino gehixeago da Uterga, baina ordezkoarekin jokatzea egokitu zitzaidan eta ez zegoen besterik, ahal genuen partida txukunenak egiten saiatu, eta kito. Lehen partidan, Matxin III.aren eta Otanoren kontrakoan, neuk oso partida ona egin nuen, Otxandorenak ere bai, eta irabaztea lortu genuen. Garaipen hari esker, ligaxkako bigarrena galdu arren, Uterga hirugarren partidan sartu eta hura irabazita, finalera iristea lortu genuen.

Jabaleraren eta Ionen aurka galdu zenuten partida bakarra. Haiek, berriz, neurketarik galdu gabe iritsi ziren finalera, baina txapela zuentzat izan zen.

Ligaxkakoan, Otxandorenarekin jokatu nuen haien kontra, Utergaren eta bion kontra jokatu gabe zeuden, eta gauzak asko aldatzen dira. Ionek oso txapelketa ona egin eta oso ondo gidatu du Jabalera. Izan ere, guk primeran ezagutzen dugu Azpeitiko frontoia, eta Utergak ere badaki zer den hemen jokatzea eta txapelak janztea, baina txapelketa honetan aritu diren hiruzpalau pilotarik lehen aldiz zapaldu dute Izarraizko kantxa, eta horietako bat zen Jabalera. Hala ere, oso ondo moldatu dira Ion eta bera txapelketan zehar. Finalean, ordea, Uterga eta biok oso ondo moldatu ginen bikotean, partida ona egin genuen, eta beraiek ezinean bezala ikusi ziren.

Uste baino errazago irabazi al zenuten finala?

Erraz... bai, baina ez, emaitzak bestelakoa esan arren, hor barruan zaudenean errazik ez baitago. Egia da, hala ere, hasieran aldetxoa hartu eta alde hori mantentzen jakin genuela. Horretarako egin genuen lan, eta gure onerako, beraiek ez zuten lortu aldea murriztea.

e-Remontek lehen aldiz jokatu du Azpeitiko txapelketa, eta enpresako pilotariok frontoi luzean jokatu duzuen lehendabizikoa ere izan da. Zer balantze egiten duzu txapelketaz bere osotasunean?

Balantzea positiboa da. Enpresa berria da gurea eta lehen aldiz probatu gara frontoi luzean. Horretarako, pilota berriak atera ditugu txapelketa honetarako, normalean aritzen garen frontoi motzetan erabiltzen ditugun pilotek ez baitute balio Izarraitz bezalako neurriak dituen pilotaleku baterako, eta ikusi da asmatu egin dugula materialarekin. Azpeitiko frontoia ezagutzen ez zuten pilotariek ere hiruzpalau entrenamendu egin zituzten bertan txapelketa hasi baino lehen, eta hori onura izan da bai txapelketarentzat, bai pilotarientzat. Badakigu erremontea zer egoeratan dagoen, eta jendea frontoira erakartzeko lana ere egin dugu, bereziki azken jardunaldiari begira. Pilotariok, batik bat etxekoak, inplikatu gara horretan, inguruan zein han eta hemen gonbidapenak banatuz, eta enpresari erakutsi diogu ahalegin hori, atzeko lan hori, egin beharra dagoela; ez da nahikoa jaialdiak eta txapelketak programatzea, gero jenderik ez bada frontoira joaten, giro pixka bat sortu behar da. Jokatzen ari garenontzat zein ikusleentzat, ez da gauza bera harmailetan lau katu egotea ala ehun egotea, kantxan partida bera jokatu arren. Finaleko jaialdia sustatzen ahalegindu ginen, eta ikusi zen jendeak erantzun zuela.

Frontoi barruan ez ezik, erremonteari dagokionez kanpoan ere badagoela zeregina, ezta?

Nik 40 urte egin ditut, Xuban lehengusua [Oiarzabal, Matxin III.a] eta biok kinta berekoak gara, Ion urtebete gazteagoa. Ilusioarekin gabiltza, kirola egiten dugu eta lagunarte polita daukagu, baina guk gure kirol ibilbidea egina daukagula esan daiteke. Pena handiago ematen dizute gazteek. Erremontearen urte ederrak ezagutu genituen hasiera hartan; gerora, baita ez hain ederrak ere. Gorabehera askorekin, baina hortxe eutsi diogu, eta urte mordo bat ari gara jokatzen; 20 urterekin debutatu nuen eta datorren martxoan 20 beteko ditut erremonte profesionalean. Baina atzetik datozen gazte horiek... Egoera ez da ona, erremonteak ez dauka garai bateko indarrik.

Indarrik ez, pilotari gutxi garai batekin alderatuta, eta bakoitza bere aldetik dabiltzan bi enpresatan banatuta. Horrek ez al du egoera zailtzen?

e-Remonte sortu zenean, asmoa zen beste enpresarekin [Oriamendi] bai jaialdi batzuetan, bai txapelketetan, elkarrekin lehiatzea. Baina Oriamendiko nagusia ezezkoan dago. Hainbat bilera egin zituzten, gure enpresakoak esku zabalik daude hasieratik zuten asmo hori betetze aldera, baina besteak ez du nahi nahasketarik, Beraz, guk gure bidea egiten jarraituko dugu, eta haiek berea,

Eta zer moduz, zuen bide horretan?

Enpresa Nafarroakoa denez, Iruñea inguruan ibiltzen gara asko; Iruñean eta Iruñea inguruko herri koskorretako festetan, jaialdietan edo egitasmoetan, Sanferminetan Labriten torneoa jokatzen dugu, eta Labriten bertan beste jaialdi batzuk ere bai. Lekunberri eta Sakana inguruan ere mugitzen gara. Lau gipuzkoar gabiltza, hiru azpeitiar eta Patxi Zeberio. Asteartero elkartzen gara laurok Izarraitzen entrenatzeko, Tolosatik etortzen da Patxi. Iruñea aldera joatea tokatzen zaigunetan ere elkarrekin joaten gara. Partidetatik bueltan, tertulia polita eginez afaltzera gelditzen gara. Azkenean, ez da kirola bakarrik, inguru eta lagunarte horrek asko bultzatzen zaituzte. Hori bai, frontoira joaten garenean ez zaizkigu inoiz falta gogoa eta ilusioa. Horiek huts eginez gero, ez luke merezi; zertarako ibili behar duzu arrastaka. Bestetik, guk erremontearekin jarraitu ahal izateko ezinbestekoa dugu etxekoen laguntza. Lehengoan esan nion emazteari, txapela honen erdia berea zela, Barre egin zuen, baina hala da. Ez dakit noiz arte jarraituko dugun. Gorputzak eta sasoiak laguntzen digute oraingoz, inguruaz gozatzen dugu, enpresak errespetatzen gaitu, eta horrek asko laguntzen du; beste enpresan erreta bukatu genuen, urte askoan ibili ginen hitzartutako baldintzetatik behera.