Euskara eta emozioak, ikasle etorri berrien inklusioa errazteko

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 30a, 09:08
Eneritz Albizu, Aitor Cordoba , Kepa Urbieta, Mikel Olaizola, Ainara LarraƱaga eta Mari Azkue, atzoko aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)

Harrera Saioak egitasmoarekin, Azpeitiko ikastetxeetara iristen diren ikasleak euskarara zein ingurura gerturatzeko bide berriak jorratzen hasi dira. Joan den ikasturtean hasitako lanari jarraipena eman diote aurten, "emaitzak nahiko politak" izan direla ikusita. Kepa Urbietak sortu du egitasmoa: "Azken batean, harrera saio hauen helburua da ikasle etorri berriek hizkuntza lehenbailehen ikastea, eta horrekin, aldi berean, inklusioa erraztea".

Azpeitiko ikastetxeetara atzerritik iristen diren ikasleei, euskaraz ez dakitenei, hizkuntza lehenbailehen ikas dezaten erraztuz inklusioa ere errazteko egitasmo berria da Harrera Saioak. Aurreko ikasturtean egin zituen lehen urratsak egitasmoak, eta ikasturte honetan jarraipena eman diote, "hasierako emaitzak nahiko politak" izan direla ikusita. Kepa Urbieta Euskara Patronatuko irakasleak sortutako proiektua da Harrera Saioak, eta Urbietak berak azaldu zituen horren xehetasunak atzo udaletxean, Eneritz Albizu eta Ainara Larrañaga zinegotziek eta Iraurgi Ikastetxeko Aitor Cordobak, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Mikel Olaizolak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Mari Azkuek lagunduta.

Euskara Patronatuan 2006tik lantzen duten Etorkizun egitasmoan lan eginez Urbietari sortu zitzaion kezka edo hausnarketa bat da Harrera Saioak egitasmoaren ernamuina. Euskaraz ez dakiten ikasleek oinarrizko ulermen eta mintzamen maila bat lortzea da Etorkizunen helburu nagusia; eskolaz kanpoko saioak egiten dituzte horretarako, euskaltegian. "Ikasturte bakoitzean, gutxi gorabehera, 80-100 ikaslerekin egiten dugu lan, eta ikusten nuen %20k bi-hiru urtetan lortzen zituztela helburu horiek, baina %80 geratzen zirela hor, hiru, lau, bost edo sei urtez euskaltegira etortzen, baina ez zutela maila hori harrapatzen, kostatu egiten zitzaiola", kontatu zuen Urbietak atzo. Ikasle batzuen eta besteen emaitzen arteko aldearen zergatian pentsatzen jarrita, ondorio batera iritsi zen Urbieta: "Ondorioztatu nuen, oso garbi, %20 hori segituan txertatzen zela Azpeitiko giroan, eskolako giroan, lagunartean; eta batez ere, esango nuke, kirolaren bitartez. Ikasle mota horrek euskara berehalaxe ikasten zuela jabetu nintzen, baina beste %80a kanpoan geratzen zela, horrek beraiengan sortzen zuen guztiarekin: zailtasunak ikasterakoan, frustrazioak, haserreak, hizkuntzarekiko amorrazio puntu bat".

Ikastaro batean gai horretan sakontzeko aukera izan zuen Urbietak, eta inlkusioak hizkuntzaren barneratzean eragiten ote zuen galdetzen hasi zen bere buruari. "Inklusioan zerk eragiten zuen pentsatzen hasita, ikusten nuen batetik hizkuntza zegoela, eta bestetik, emozioak". Aipatutako ikastaroko irakasle baten azalpenek argitu zioten orain martxan den egitasmoaren ideia: "Ikasleak etorri berritan hartzen baldin baditugu, eta beraiekin egoten baldin bagara, hitz egiten, jolasten, harrera hori pixka bat goxatzen, ea emozio horiek leunduz hizkuntzaren ikasketa prozesua azkartzen dugun".

"Findu" beharreko metodologia

"Azken batean, harrera saio hauen helburua da ikasle etorri berriek hizkuntza lehenbailehen ikastea, eta horrekin, aldi berean, inklusioa erraztea", laburbildu zuen Urbietak egitasmoaren xedea. "Nahiko nuke orain arteko %20-%80 proportzio horri buelta ematea, eta ikasleen %80 bi-hiru urtetan euskaraz moldatzeko gai izatea".

Harrera Saioak izenarekin, herriko ikastetxeetara iristen diren atzerriko ikasleekin, euskaraz ez dakitenekin, esku hartze zuzenak egiten dituzte, ikastetxean bertan eta eskola orduen barruan. 20 egunetan, lau astetan, banatuta, 40 ordutan egiten dituzte Harrera Saioak ikasle heldu berriekin, gehienez lauko taldetan; lehen astean egunean hiru orduz egoten dira Euskara Patronatuko irakasleak ikasle horiekin, ondorengo bi asteetan bi orduz, eta azken astean egunean ordubetez. "Ahozko metologia" da saioena; "hitz eginez eta jolastuz" pasatzen dituzten hasierako orduak, eta azken orduan ikasle iritsi berriaren gelakide bat batzen da saiora, "beren arteko harremana garatzeko, elkar ezagutzeko eta inklusioa lantzeko".

20 egunen buruan "ebaluaketa txiki bat" egiten diote ikasleari, saioekin helburuak lortu dituzten edo ez ikusteko. "Ikusi nahi da ea 40 orduko esku hartzea eta gero, metodologia honen bitartez, ikasle hori gai den ulermen maila nahiko edo oinarrizko batera iristeko", dio Urbietak. Momentuz, ulermenean zentratu dira; "hurrengo pausoa" metodologia berarekin mintzamena ere jorratzea izango da, eta horretarako lanean ari dira. Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleekin egiten dute lan. Aurreko ikasturtean lau esku hartze egin zituzten, eta emaitzak "nahiko politak" izan zirela ikusita, ikasturte honetan egitasmoarekin jarraitzea eta "sistematizatzea" erabaki zuten, ikastetxeen ezinbesteko elkarlanarekin, beti ere. Izan ere, ikastetxeak dira ikasle berri bat iristen zaienean Euskara Patronatuarengana zuzentzen direnak, Harrera Saioak egitasmoko esku hartze eske. Ikasturtea hasi zenetik bost esku hartze egin dituzte.

Proiektua hasi berria da eta, Urbieta beraren esanetan, "findu beharreko asko" dure oraindik egitasmoak zein metodologiak; besteak beste, adin tarte nahiko zabaleko ikasleekin egiten dute lan, eta bakoitzaren mailara eta ezaugarrietara egokitzeko beharra nabari du Harrera Saioen sortzaileak. Joan den ikasturtean Urbieta bera arduratu zen egin zituzten lau esku hartzeetaz, Ikasturte honi dagokionez, momentu honetan bosgarren esku hartzea egiten ari dira, eta Gabon ondorenerako beste hiru eskaerari erantzun beharko dietela azaldu zuen Urbietak; hori dela eta, bi irakasleren artean banatu dituzte lanak.

Harrera, estrategikoa

Albizu Euskara batzordeburuak Urbietaren ekimena eta ikastetxeen elkarlana goraipatu eta eskertu zituen atzoko aurkezpenean. Ikastetxeetako ordezkariak, berriz, gustura agertu ziren egitasmo berriarekin; oraindik oso berria den arren, "esperientzia aberasgarria" izaten ari dela diote.

Etorri berrien harrerarena, baita euskararekin lotuta ere, "heldu beharreko gaia" dela gero eta nabariagoa iruditzen zaio Albizuri: "Azken hilabeteetan Euskara Plana osatzeko parte hartze prozesuarekin gabiltza, bai inkestarekin, bai arloz arloko bilerekin, eta horietan ikusi dugu heldu beharreko gaia dela etorri berriei behar bezalako harrera egitea; eta harrera egitea ez ezik, integratzeko bideak jartzea. Plan hori osatzen ari garen arren, garbi dago bere ildo nagusietako bat hauxe izango dela. Gaur aurkeztera goazen egitasmoa horrekin lotuta dago. Ildo horretan sakontzen jarraituko dugu eta proposamen berriak egingo ditugu esparru honekin lotuta".

Harrera hezkuntzan txertatzea, berriz, ezinbestekoa da Euskara batzordeburuarentzat, bai etorri berrientzat beraientzat, baita euskararen etorkizunarentzat. "Udal gisa, estrategikoki heldu beharreko gai bat da etorri berriei eta beste herrialde batzuetan sortu diren pertsonei ikastetxeetan sartzen direnean behar bezalako harrera egitea eta behar dituzten baliabideak eskaintzea, bai ikasketa prozesuan aurrera egiteko euskara behar-beharrezkoa delako, batik bat Azpeitian; eta baita uste dugulako integratzeko tresna bat dela euskara". Aldiz, Albizuk uste du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak "herren" egiten duela gai horretan, eta hori aldatzeko eragin behar dela nabarmendu zuen atzo.