Puntuka

Azaroak 25, aurpegi zuriketaren eguna?

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2022ko abe. 1a, 09:00
2019ko azaroaren 25eko ekitaldi bat, Zarautzen. (Amaia Urbieta Arruti)

Eider Agirrek UROLA KOSTAKO HITZA egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Denak morez janzten dira azaroaren 25a heltzean. Denok elkarrekin, indarkeria matxistaren aurka. Berdintasunaren aldeko aldarriak ikastetxeetan, kaleetan eta udaletxeetan. Hara, badirudi zerbaitek gizarteko gehiengoaren kontzientzia astintzen duela. Baina egun hori pasatzean, errealitateak beste aurpegi bat erakusten digu. 

Indarkeria matxista kasuak ugariak dira gaur egun, eta badirudi kopuruak ez duela beheranzko joerarik izango. Egunero aurki ditzakegu jipoien, bortxaketen, zein erailketen inguruko albisteak. Gainera, baliabide teknologikoen garapenaren eta irisgarritasunaren ondorioz, forma berriak hartu ditu indarkeriak azken urteetan. Horrela, indarkeria matxistak emakume langilea bigarren mailako subjektu gisa sozializatzen eta normalizatzen duela esan genezake. Baina gure zapalkuntza ez da soilik indarkeria kasu horietan ematen, gure bizitzetako esparru guztietan baikaude bigarren mailako subjektu gisa eraikiak. Lan baldintza miserableak onartzera kondenatuta gaude, etxeko lanek itota, objektu sexual gisa eraikiak eta egiturazko langabezia jasatera kondenatuak, besteak beste. Horrela, indarkeria matxistak gure zapalkuntzaren aurpegi gordinena erakusten digu.

Gaur egungo sistema kapitalistan, ordea, indarkeria matxista beharrezkoa da emakume langileon zapalkuntza betikotzeko. Eta sistemak zertarako behar du emakumea zapalduta egotea? Ba justu, lan indar merkea lortzeko, subjektu politiko ez gai gisa eraikitzeko (bazterrak nahastu ez ditzan), etxeko lanen gastuak aurrezteko, langile klasearen barruan etsaitasunak sortzeko... Horregatik, nekez irudika genezake indarkeria matxistarik gabeko kapitalismorik. Beste gizarte eredu baten eraikuntza ezinbestekoa da zapalkuntza guztiekin amaitzeko. 

Horren aurrean, badirudi gaur egungo instituzioek eta alderdi politikoek berdintasun politiken aldeko apustua egin dutela. Inoiz baino diru partida handiagoak bideratzen dituzte berdintasunaren alde egitera, eta guztiak daude indarkeriaren aurka lerratuta. Baina beren planteamenduek, finean, ez dute borondaterik indarkeria matxistarekin amaitzeko, hain zuzen, indarkeria matxista kudeatzera mugatzen diren proposamenak direlako. Eta, gainera, kudeaketa hori katastrofikoa izaten ari da: babes etxebizitzak kolapsatuta, psikologia zerbitzuetarako izugarrizko itxaron zerrendak, prozesu judizial luze eta trabaz beteak… Eta, bitartean, emakume asko eta asko egoera oso txarretan edota beren erasotzaileekin bizirauten ari dira. Gainera, instituzioek planteatzen dituzten politikak momentuko gaitasun ekonomikoen araberakoak dira, eta krisi egoeran argi dago proposamen horiek beheranzko joera hartuko dutela. 

Hori gutxi balitz, milaka emakume esplotatzen dituzten enpresek ere indarkeria matxistaren aurkako kanpainak jarriko dituzte martxan. Dena den, oinarrian ongi dakite gure zapalkuntza beharrezkoa dutela beren interes ekonomikoak bermatzeko, beharrezkoa dutela emakume langilea zapalduta egotea soldatak jaitsi eta lan baldintza txarrak bermatzeko. Aurpegi zuriketaren muturra.

Horren aurrean, indarkeria matxistaren kudeaketa planteatu ordez, hura gainditzeko bultzatzea dagokigu. Horretarako, instituzioen berdintasun faltsutik kanpo antolatu behar dugu, gure zapalkuntzarekin amaitzeko aukera bakarra delako. Horrela, emakume langile guztiontzat babes ekonomiko, sozial eta politikoa garatu eta erasotzaile guztiei aurre egin behar diegu. Beraz, egindako jardun horrek guztiak erasorik eta zapalkuntzarik egongo ez den gizarte sozialista baten eraikuntzan ekarpena egin behar du.