Rikardo Arregi saria irabazi du Miel A. Elustondok

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 30a, 20:30
Miel A. Elustondo, Rikardo Arregi saria jasotzen. (Rikardo Arregi sariak)

Rikardo Arregi sariak banatu dituzte gaur Andoainen, eta Miel A. Elustondo azpeitiarrak eskuratu du Kazetaritza saria, Berria egunkarian argitaratutako Tonban ehortzirik erreportaje sorta tarteko. 9.000 euro eskuratu ditu hark, eta Rikardo arregiren heriotzeagatik auhenez poema irakurri du ekitaldian.

Rikardo Arregi kazetaritza sariak banatzeko ekitaldia egin dute gaur, asteazkena, Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean. Hil honen hasieran jakinarazi zuten Miel A. Elustondo azpeitiarra sarietako bat –Kazetaritza saria– jasotzeko hautagaien artean zela, eta azkenean, harentzat izan da saria. Berria egunkarian argitaratutako Tonban ehortzirik erreportaje sorta tarteko, 9.000 euro eta Xabier Lakak egindako garaikurra eskuratu ditu Elustondok. Saria jasotzean, Rikardo arregiren heriotzeagatik auhenez poema irakurri du hark, Gabriel Arestik Arregiri eskainitakoa.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, ibilbide luzea du Elustondok, eta kazetariaren ezaugarri hauek goraipatu ditu: "Aspaldi frogatua du bere elkarrizketatzaile sena euskarazko prentsa idatzian nahiz ikus-entzunezkoetan. Besteak beste, azken urteetako uharari jarraiki, hildako pertsonak elkarrizketatuz Tonban ehortzirik sailean ale bikainak eskaini dizkigu, euskarazko kazetaritzan parekorik ez dutenak. Dokumentazio lana, pertsonaiarekiko hurbilketa eta egiantzekotasun formala nabarmentzen dira fikzioaren eta kazetaritzaren arteko mugak hausten dituen sail honetan. Testu sorta honetan, batetik, eta euskarazko prentsa idatziko agerkarietan argitaratu dituen beste elkarrizketa nahiz erreportajeetan, bestetik, kazetari-sentsibilitate berezia agertzen du Elustondok, ezaugarri pertsonalak dituen marka. Eta, beste behin, agerian utzi du bere ibilbide luzean erakutsitako kalitatea".

Elustondo aurrez ere izan da Rikardo Arregi saria eskuratzeko finalisten artean: 2020an, Kazetaritza saria eskuratzeko finalistetako bat izan zen, Tonban ehortzirik sailagatik, eta iaz ere bai, Berria egunkarian argitaratutako Zozoen elean elkarrizketa sortagatik. Dena den, aurten bereganatu du lehen aldiz saria.

Aurtengo irabazleak, sari banaketa ekitaldian. (Rikardo Arregi sariak)

Kazetaritza saria

Elustondok eskuratu duen Kazetaritza sariaz gain, Komunikazio saria ere banatu du epaimahaiak gaurko ekitaldian. "Euskarazko komunikazioaren mesedetan urrats berritzaile" izan diren proiektuak zeuden sari hori eskuratzeko hautagaien artean, eta enpresabidea.eus webguneak irabazi du saria.

Bi sarietarako launa finalista zeuden izendatuta. Elustondorekin batera, honako hauek izan dira Kazetaritza saria eskuratzeko lehian: Amaia Lekunberri Ansolak ekoitzitako Anorexia, bestelako gerturapen bat. Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? izenburuko Larrun monografikoa, ETBren Aske bizi dokumentala eta ETBren Biba zuek magazina. Bestalde, honako hauek izan dira Komunikazio saria eskuratzeko lehian, enpresabidea.eus webguneaz gain: Aiaraldea komunikazio proiektua, Aiora Probatxoak Youtuben duen jarduera eta Aiko Dantza taldeak sorturiko komunikazio proiektua –aikotaldea.eus–.

Ohorezko mugarriak

Aurtengo saridunak nortzuk diren jakinarazteaz gain, bi ohorezko mugarri ere entregatu dituzte gaurko ekitaldian: hain zuzen ere, Elixabete Garmendiarentzat eta Patxi Baztarrikarentzat izan dira izendapen horiek.

Finalistak izendatu dituen eta sariak erabaki dituen epaimahaia ondorengoek osatu dute: Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria eta film egilea), Miren Gabantxo (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (Mondragon Unibertsitateko Huheziko irakaslea eta komunikazioan aditua). Mahaiburua Alexander Huitzi Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna da, eta idazkaria, berriz, Arantza Aguado Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.