Irudi eta lelo berriarekin dator Azpeitiko San Silbestre lasterketa

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 2a, 14:37
Iazko San Silbestre lasterketaren irteerako unea. (Anartz Izagirre)

Ohi bezala, San Silbestre lasterketa egingo dute abenduaren 31n Azpeitian. Ondo bukau, hobeto hasi! da probaren lelo berria. Distantzia mantendu duten arren, ibilbide berria izango du lasterketak. Guztira, 800 dortsal jarriko dituzte salgai. Datozen egunetan zabalduko dute izen ematea.

Aurtengoan ere, tradizio bilakatu den moduan, San Silbestre lasterketa egingo dute urteko azken egunean Azpeitian, Xeye atletismo taldeak antolatuta. Probaren 21. edizioa izango da 2022koa, eta berrikuntzekin dator egitasmoa: hain zuzen ere, lelo eta irudi berria izango ditu lasterketak; ondo bukau, hobeto hasi! dio lelo berriak. Gainera, iaz baino jende gehiagok parte hartu ahal izango du; guztira, 800 dortsal jarriko dituzte salgai. Aipatzekoa da azken edizioetan dortsal guztiak saldu izan direla, probak izan ohi duen erantzunaren erakusle.

Era berean, ibilbidea aldatuko dute aurtengoan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, azken urteetan "trafiko arazao ugari" sortu dizkie Loiolako hiribidean sartzeak, eta horregatik erabaki dute ibilbidea aldatzea. Dena den, distantzia berbera izango du probak. "Sei kilometroko luzera duen ibilbide berria diseinatu dugu, herrigunetik irten gabe", adierazi dute. Ibilbide zehatza datozen egunetan jakinaraziko dute. Hori bai, ohi bezala, 12:00etan Azpeitiko plazatik abiatuko da lasterketa.

Izen ematea, datozen egunetan

Xeyek jakinarazi duenez, datorren astean zabalduko dute proban izena emateko epea; hain zuzen ere, kirolprobak.com helbidean eman beharko da izena. Internet bidez izena ematen dutenek hamar euro ordaindu beharko dute, eta dortsalak gelditzen badira, abenduaren 31n bertan ere eskuratu ahal izango dira, hamabost euro ordainduta.

Aldaketak aldaketa, aurtengoan ere inklusioaren aldeko lasterketa egiteko asmoa agertu dute antolatzaileek. Izurria dela eta, iaz bertan behera gelditu zen proba hori, eta aurten berreskuratu egingo dute.

Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte lasterketan parte hartzera: "Urtea ondo amaitzeko, ba al da modu hoberik herrian bertan korrika egin, lagunen eta familiakoen txaloak jaso eta egunak islatzen duen pozarekin eta zoriontasunarekin bat egitea baino?". Momentu berezi horren parte izatera animatu dituzte herritarrak.

Aurtengo edizioko kamiseta.